INFO

Bizkaia eta Gipuzkoako ontziak Bermeo eta Santoña aldera abiatu dira antxoaren bila

Bizkai eta Gipuzkoako baxurako ontziak astelehen goizean itsasoratu dira antxoaren bila. Bermeo eta Santoña aldera joan dira. Hilabete batez etenda egon da antxoaren kanpaina, koronabirusak eragindako krisiagatik. Prezioak mantentzea izango dute helburu.

Bermeoko portuan itsasontzia prestatzen antxoaren bila abiatzeko. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Hilabete bateko geldialdiaren ondoren, abiatu da antxoaren kanpaina Bizkai eta Gipuzkoako baxurako ontzientzat. Koronabirusaren krisia dela-eta, arrainaren prezioak izandako jaitsiera tarteko eta martxoan tamaina txikiko antxoa arrantzatzen zebiltzala ohartuta, kanpaina etetea erabaki zuten.

Hasiera batean, apirilaren 13a jarri zuten itzultzeko egun gisa baina azkenean astebete atzeratzea erabaki zuten. Astelehen honetan Bermeo eta Santoñako kostalderantz abiatu dira baxurako ontziak. Guztira, Bizkaia eta Gipuzkoan 44 baxurako ontzi daude.

Lehenengo egun honetan antxoa non dagoen aurkitzea izango da arrantzaleen xedea eta hortaz, lehenengo harrapakinak bihar porturatzea aurreikusten dute Ondarroako Kofradiakoek, Efe agentziari adierazi dienez.

Kupoen jaitsiera

Moldaketa batzuekin itzuli dira arrantzara. Batetik, arlo ekonomikoari erreparatuta, ontzi bakoitzak egun batean arrantzatu dezakeen zenbatekoa murriztea erabaki dute Kantauri isurialdeko kofradiek. Hala, ontzi handieneko 6.000 kilo antxoa harrapatu dezakete –aurreko urteetan 10.000 kiloan zegoen langa– eta txikienek 4.400 kilo.

Honekin, nola edo hala, prezioak mantentzea izango dute xede. Kofradien artean batzorde bat osatu dute kontu hau kontrolpean izateko eta baita arrantzaleen segurtasuna bermatzeko ere. Gipuzkoako Kofradien Federakuntzako idazkari nagusi Miren Garmendiak azaldu du arrantzaleen segurtasun neurria bermatzea eta hauen osasuna dela «gehien kezkatzen» dien gaia.

Norbere Babeserako Ekipamenduak lortzeko izugarrizko saiakerak egiten dabiltzala onartu du Garmendiak, ahal den neurrian, gizarte osoa jasaten ari baita NBE-etaz hornitzeko mugak. 

Helburu horrekin, «aldi berean egin daitezkeen ontzien deskarga-kopurua eta arrainen salmentara sar daitekeen pertsona-kopurua mugatu dira portuetan. Ontziei eta lonjei NBEak ere eman zaizkie. Eremu horretan lan egin da, eta uste dut kutsadurak ahalik eta gehien gutxituko direla», nabarmendu dio Eferi Gipuzkoa Kofradien Federakuntzako idazkariak.

Antxoaren kanpainarekin elikatu

«Bizkaiko Golkoko sektore osoa ari gara erabakiak hartzen, kanpainaren bilakaeraren arabera. Gaur hasiko gara eta ikusiko dugu», esan du arrantzaleen ordezkariak, eta gogorarazi du eguneko harrapaketa-kupoen kopurua aldatu egin daitekeela egoeraren eta prezioen bilakaeraren arabera.

Ildo horretatik, adierazi du sektoreak dagoeneko hitz egin duela kontserba-fabrikekin eta «jarduerarekin jarraitzeko interesa dutela ikusi da»; hala ere, «ziurgabetasun-maila handia» dago, enpresa batzuek «lan egiteko baldintza hobeak eduki ditzaketelako eta beste batzuek ez hain onak».

«Antxoaren udaberriko kanpainan elikatzen da kontserba-industria, urtean zehar lan egiteko, eta ikusiko dugu nolako gaitasuna duen», adierazi du Garmendiak, ostalaritzaren eskaera «geldi» dagoela gogoratuz. Beraz, etxebizitzen eta etxeko merkatuaren erantzuna ere aztertu beharko da.