INFO

Sortzenek bertan behera utzi ditu udaberriko jaiak

Egoerak behartuta eta pena handiz, Sortzenek bertan behera utzi behar izan ditu urtero udaberrirako antolatzen dituen jaiak: Sakanako eskola txikien besta, apirilaren 25ean egitekoa zena, eta Sortzen Jaia, Mendillorrin izan behar zuena, maiatzaren 17an.

Sortzen Jaia Hernanin, 2016an, elkartearen 25. urteurrenean. (Jon URBE/FOKU)

Covid-19aren eraginez bizitzen ari garen egoera larri honek, bizitzaren gainontzeko esparruei bezala, hezkuntza eremuari ere ondorio ikaragarriak ekarri dizkio. Horrenbestez, hezkuntza komunitateak zenbait erabaki hartu behar izan ditu: aurrez aurreko eskolak etetearekin batera, hezkuntza eremuan udaberrirako programatutako jarduera gehienak geldiaraztea.

Egoerak behartuta eta pena handiz, Sortzenek bertan behera utzi behar izan ditu urtero udaberrirako antolatzen dituen jaiak: Sakanako eskola txikien besta, apirilaren 25ean egitekoa zena, eta Sortzen Jaia, Mendillorrin izan behar zuena, maiatzaren 17an.

Elkarteak ohar batean zehaztu duenez, bere asmoa udazkenera atzeratzea bada ere, aurrerago aztertu beharko dute egoera zein den. Beraz, datozen hilabeteetan hartuko lituzkete behin betiko erabakiak.

Mezu bat helarazi nahi dio Sortzenek hezkuntza komunitateari bizitzen ari garen une berezi eta gogor hauetan: «Lehenengo eta behin, besarkada bana ikasle, guraso, irakasle zein eskolako langile orori, zuek osatzen duzue hezkuntza komunitatea. Bestetik, pertsonak eta ikasleak erdigunean jarriko dituen hezkuntza eredu berri bat behar dugu. Eredu hurbila, bertatik bertara hezkuntza komunitateak dituen benetako beharrak zaindu eta aseko dituena. Behetik gora eraikia gertukoa eta komunitatean oinarritua. Eutsi goiari!».