INFO

ELAk erantzun kolektiboen beharra nabarmenduko du Maiatzaren Lehenean

Sindikatuak koronabirusak agerian utzi duen kapitalismoaren porrota salatuko du eta erantzun kolektiboen beharra azpimarratuko du Maiatzaren Lehenean. Horrela, aurten konpromisoa «balkoi eta leihoetatik» adieraziko duela iragarri du, gehiengo sindikalarekin batera.

Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusia 2019ko Maiatzaren 1ean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Konfinamendu egoeragatik 2020ko Maiatzaren Lehenean «ezin ditugu kaleak hartu, bildu eta elkarri besarkadak eman», adierazi du ELA sindikatuak. Hala ere, «langile klasearen antolakuntzan gure erabakitasun eta konpromisoa are handiagoa» izango dela nabarmendu du; etorriko diren «mehatxu eta erasoei» aurre egiteko, baina baita «aldaketarako aukerak» sortzeko ere.

Batez ere, konpromisoa balkoi eta leihoetatik adieraziko dutela iragarri du, gehiengo sindikalarekin batera. «M1 koloretsu bat margotuko dugu, baina hortik harago salaketa eta aldarrikapenak plazaratzeko unea aproposa da», agertu du sindikatuak.

Horrela, ELAk koronabirusak agerian utzi duen kapitalismoaren porrota salatuko du eta erantzun kolektiboen beharra azpimarratuko du maiatzaren 1ean. Sindikatuaren mezua Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak plazaratuko du goizeko 12etan, bideo baten bidez.

«Gogoan ditugu Euskal Herrian eta mundu guztian koronabirusak jota hil direnak. Jakin badakigu historian zehar Maiatzaren Lehenaren ikur izan dela elkartasuna, berdintasuna eta borrokatzeko konpromisoa, horrek adierazten baitu milioika pertsona klase bati, langile klaseari, atxikitzen zaizkiola eta haren parte direla», azpimarratu du ELAk. 

Horren harira, sindikatuak nabarmendu nahi izan du «zer nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako».

Horregatik, «aldaketa handiak» behar direla azaldu du: austeritate politika alde batera utzi; bizi jasangarriak; zaintza lanari garrantzia eta balioa aitortu; zerbitzu publikoak eta oinarrizko lanen balioa indartu; eta globalizazioaren aurka ekonomia lurraldean errotu dira, besteak beste, ELAren proposamenak.

Gainera, «justizia eta iraunkortasunerako» bide bakarra dagoela nabarmendu du: «Trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egite»a. Horretarako «mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean agertzen dugun indarra» dira, ELAren iritziz, helburu hori lortzeko «ondasun handienak».