INFO

«Ume eta nerabeen ahotsa entzunarazteko» sortu da Haurrak ere bai plataforma

Haurren eta nerabeeen ahotsa entzuna izan dadin, Haurrak ere bai plataforma sortu dute. Konfinamenduak sorrarazi dizkien kalteez ohartarazi eta hauen beharrak kontuan izango dituen politikak eskatu dituzte. Maider Aizpurua Cuestak aletu dizkigu euren kezkak eta aldarriak zeintzuk diren.

Haurrak kalera ateratzen uztearen aldeko protesta Hernanin. (Jon URBE / FOKU)

This browser does not support the audio element.


«Azken asteetan konfinamendua zorrotz bete dutenak etxeko txikienak izan dira Hego Euskal Herrian, Ipar Euskal Herrian hasietatik egunean ordubetez eta etxetik gertu atera ahal dutelako», azpimarratu du Maider Aizpuruak, Haurrak ere bai plataformako kideak. 

Konfinamendua hastearekin bat, inguruko familiak, adituak eta hezkuntza komunitateko profesionalak elkartu eta haur eta nerabeen eskubideak aldarrikatzen hastea deliberatu zuten. Kezkak bultzatuta, urrats bat aurrera eman eta Haurrak ere bai plataforma sortu dute.

«Badakigu birusa dagoela, ez dugu hori mespretsatzen, baina hortik konfinamendu zorrotz batera aldea dago», salatu du Aizpuruak. «Espainiako Estatuan umeak ez dira sekula aipatu, Frantziakoan eta Europako beste hainbat lekutan birus berarekin umeen egoera bestelakoa da. Haurrak ez dira existitzen Errege Dekretuetan».

Ume eta nerabeen eskubideak defendatu eta beraien hitza entzunaraztea dute helburu. «Orain egoera honetan laguntzea nahi dugu baina hausnarketa publikoa nahi dugu, zergatik iritsi garen egoera honetara». Alarma egoeratik harago, haur eta nerabeen ahotsa, «subjektu» izaera aldarrikatzen jarraituko dute.

Igandetik aitzinera Hego Euskal Herriko haurrek kalera atzeratzeko modua izango dute. Horri «ongi etorria» eman bai, baina gauzak ez direla ongi egin uste dute eta harrabotsa egiteko asmoa dute. Horrela, egunero arratsaldeko 19:55etan kazerolada egin eta haurrak bizi diren etxeetan kamisetak zintzilikatzeko eskatu dute.