Datuen jabetza eta burujabetza, datuek gidatutako jendartean
Datu asko jasotzen ditugu itxialdian, eta datu asko sortzen ditugu. Beren erabilera gaitzetsi ordez, datuon gaineko burujabetza aldarrikatzen du egileak, herritar ahaldunduek erabakitzea zer egin haiekin.
Zenbat teklatutan idatzi ote da “datu” hitza pandemia garai honetan. Zenbat datu jasotzen ari garen egunotan. Eta datuen dantza horretan, datuen zurrunbiloan ez galtzeko gomendatzen dute adituek. Eta datu-biltze horri muga jartzeko, neurria hartzeko, gehiegizkoa ez dadin izan, kaltegarri bilaka ez dadin: informatua sentitzeko beharrak ez gaitzan infoxikaziora eraman. Neurria hartuta edo hartu gabe bada ere, Internet izan da gertukoaz eta urrunekoaz jakiteko bide nagusia. Eta horrek agerian uzten du Interneten neutraltasunaren ezinbestekotasuna: Internetek zerbitzu publiko bat izan behar duela, neutrala eta ekitatiboa. Eta Interneterako sarrerak eta gutxieneko alfabetizazio digitalak oinarriko eskubideak izan behar dutela ere azaleratu da: Internetek Euskal Herriko etxe guztietara iritsi behar luke, eta herritarrak gaitu behar lirateke.
Baina konfinamendu garaian zerbait hazi bada, jaso duguna baino, sortu dugun datu kopurua da. Informatuak sentitzeko beharraz gain, harreman sozialak zaintzeko bideak, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak eta, kasu askotan, lana egiteko moduak eremu telematikora mugitu behar izan diren unean, aurrez inoiz baino datu gehiago sortzen gabiltza: gure interakzio bakoitza datu bilakatzen baita. Baina norenak dira sortu ditugun datu horiek guztiak? Eta une honetan noren eskuetan daude? Gure datuekin, noren algoritmoak eta tresnak ari gara hobetzen?
Egun, hein handi batean, ingurune digitala multinazional teknologiko eta plataforma gutxi batzuek kontrolatzen dute. Eta gure datuak oparituz, indartu egiten dugu euren oligarkia. Baina zertarako erabiltzen dituzte gure datuak? Jendartean balioa sortzeko edo enpresa pribatuaren beraren balioa handitzeko soilik? Gure datuak zertarako erabiltzea nahi dugu, gure zerbitzu publikoak hobetzeko edo enpresa pribatuen multinazionalen algoritmoak hobetzeko? Eta pandemia hau gainditzeko neurrien artean proposatzen diren aplikazioek, zer egingo dute gure datuekin? Zein datu jaso nahi dituzte? Nork gordeko ditu, nola eta non? Nola erabiliko dira? Noiz arte? Eta zertarako zehazki?
Krisi global honen erdian, herrialde askotako gobernuak datu pertsonalak bildu nahian dabiltza, soluzioaren zati izan daitekeen aplikazioren bat garatuta. Eta pribatutasunaren zaintza mundu mailako eztabaidaren erdigunean kokatu da. Google eta Apple batu dira, eta euren laguntza eskaini diote munduari. Kosta egiten zait gobernuz kanpoko erakunde gisa ikustea, ez baitira. Android edo IOS sistema eragilean dabiltza munduko smartphoneen %95. Ia denak, alegia. Sistema eragilearen bertsio berriarekin smartphone guztietara irits daitekeen aplikazio bat da helburua. Aipagarria da ACLU erakundeak ahotsa altxa izana (American Civil Liberties Union erakundea 1920an sortu zen AEBetako herritar guztien eskubide eta askatasunak defendatzeko). Dio, eraginkorra izateko, aplikazioak masiboki erabilia izan behar duela (Singapurren hori izan da arazo nagusia); pribatutasuna zaindu behar duela eta erabilerak hautazkoa eta tenporala izan behar duela; eta datuak smartphonean bertan gorde behar direla, ez biltegi zentralizatu batean. Googlek eta Applek pribatutasuna zaindu eta datuak modu deszentralizatuan gordeko dituztela esan dute. ACLUrentzat, gaur-gaurkoz, hartu dituzten neurriak ez dira nahikoak. Une berean, eta helburu berberarekin, Europan, zientzialari eta teknologo talde bat estandar bat sortu nahian dabil, PePP-PT deitu dutena (Pan-European Privacy-Preserving Proximity Tracing). Ikusi beharko da zein den azken emaitza. Espainiar eta frantziar estatuek, beste batzuen artean, estandar hori aplikatuko dutela adierazi dute jada.
Ingurune digitalean, jakintzaren jendartean bizi garela diogu aspalditik. Orain, dirudienez, big data, blockchain eta adimen artifiziala dira berritasunak (jada hain berriak ez direnak). Adituek aldaketa handiak datozela diote, aldaketa disruptiboak: orain arte ezagutu duguna irauliko dutenak. Izan hezkuntzan, mugikortasunean eta beste hainbat sektoretan. Horietako bat da blockchain teknologia: gure arteko interakzio guztiak ulertzeko modua aldatzen duena; administrazio publikoaren prozesuen kudeaketa eta exekuzioa eraldatzeko potentzialitatea duena. Gauzak aldatu egingo dira, eta azkar aldatuko. Garrantzitsua da kontzientzia hartzea.
Eta jabetu behar gara, era berean, jakintzaren jendartean bizitzeaz gain, datuek gidatutako jendartean ere bizi garela. Eta hor, datuek sortzen dituenarenak izan beharko luketela. Beste hitz batzuetan: datuen gaineko jabetza herritarroi dagokigun ondasun gisa ulertu beharko genukeela; hau da, herritar digitalak garen heinean, norbanako gisa sortzen ditugun datuak gureak direla, eta sinetsi behar dugula. Eta datuokin zer egin eta zer ez erabakitzeko aukera izan beharko genukeela: zein datu partekatu nahi ditugun eta zein ez. Datuen jabetzak eta burujabetzak gurea izan behar duela, alegia.
Datuen kontzepzio horretan garatu da City Data Commons, Bartzelona hirian (https://labur.eus/city-data-commons). Begirada aldatu dute. Datuak azpiegitura publiko kontsideratzen dituzte, teknologia deszentralizatuetan oinarrituta (blockchain eta kriptografia). Azpiegitura hori enpresa, kooperatiba eta eragile sozialei irekita dago, betiere datuetan oinarritutako zerbitzuak eta balio publikoa sortuko badituzte. Hori bai, datuen jabetza herritarren esku mantentzen du, herritarren datuen burujabetza baitu helburu, datuen gobernantza demokratikoagoa eta pribatutasunarekiko errespetuzkoagoa egin asmoz. Beraz, herritarren ahalduntzea bilatzen du, herritarrek zein anonimotasun maila nahi duten erabakitzen aktiboak izan behar dutela sinesten baitute. Eta herritarrek gaitasuna dutela horretarako. Herri-erakundeei bidea eta prozesua erraztea dagokie.
Hortaz, kontua ez da datuen erabileraren aurka jartzea. Datuekin informazioa lor daiteke, eta jakintza sortu, erabaki berritzaileak hartu eta herritarrak ahaldundu, datuen jabetza herritarren esku mantenduta jendartearentzat balioa sortzeko. Hortaz, digitalizazio prozesu oro jendartearentzat balioa sortzeko burutu beharko litzateke. Eta norbanakook gure pribatutasuna zaintzen duten eta jendartearentzat balioa sortzea helburu nagusi duten tresnak erabili beharko genituzke. Eta herri-erakundeek eskuratzen dituzten teknologiek ere, jendartean balioa sortzea, herritarren pribatutasuna errespetatzea eta herritarrak ahalduntzeko helburua izan beharko lukete.
Horrek guztiak estrategia digital oso bat eskatzen du. Eta Euskal Herrian, orain arte, herri-erakundeek ez dute estrategia digital baten zantzurik erakutsi. Teknologiak inongo epe luzerako plangintzarik gabe eskuratu dira, kasu gehienetan jada zaharkituta zeuden prozesuak digitalizatzeko. Digitalizazioa ez denean tresnak eskuratzea soilik. Digitalizazioa estrategia oso baten baitan egin behar da, eta aurretik ditugun prozesuak birpentsatu eta birdiseinatzeko baliatu behar da. Izan administrazio publikoaren kudeaketan, enpresa mailan edo hezkuntza arloan. Horixe da hain zuzen teknologien integrazio pedagogikoa: tresnak modu pedagogikoan txertatzea, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak eta estrategiak egokituz, ez aurreko ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak digitalizatze hutsa.
Hezkuntzaren haritik, konfinamendu garaiak hezkuntza sistema kanal telematikoetara eraman du. Noren eskuetan daude gure haur, nerabe eta gazteen datuak? Ez lukete herri-erakundeen esku egon behar? Non dago datuen burujabetza? Eta burujabetza teknologikoa? Zein da euskal hezkuntza sistemen oinarri teknologikoa? Euskal ikasleek zein konpetentzia digital garatzen dituzte? Google, Gmail, Drive eta Classroom erabiltzen jakitea, digitalki konpetentea izatea da? XXI. mendeko erronkei erantzuteko gaitasuna izango duten herritar digitalak hezi nahi baditugu, hezkuntza arloa kapitulu garrantzitsua da Euskal Herriak behar duen estrategia digital oso horretan.
Diru publikoak jakintza publikoa sortu behar du, jabetza publikokoa. Eta kode publikokoa. Herri-erakundeek teknologia nola eskuratzen eta lizitatzen den birpentsatu behar lukete. Sortuko diren datuen erabilera ondo arautuko duten kontratu-klausulak beharko lirateke. Eta software librearen aldeko apustu serio bat. Software librea ez baita teknologia ulertzeko filosofia soil bat. Software librearen aldeko apustuak dimentsio politikoa eta ekonomikoa ere baditu: tokian tokiko errealitate eta hizkuntzetara moldagarria da eta tokian tokiko ekonomia lokala sustatzen du. Eta hori gutxi balitz, gogoan izan behar da herri-erakundeek euren burujabetza teknologiko propioa bermatzeko ardura dutela. Beraz, ez dago aitzakiarik.
Estrategia digital kontua izan daiteke (gobernuan dauden alderdiena). Gure herrian, estrategia digitalaren falta, esango nuke. Estrategia digitala da, berandu baino lehen, behar duguna, herri-erakundeetatik lideratuta eta gidatuta. Eta teknologiari jarri behar diogun egitekoa, besteak beste, herritarrak ahaldundu eta jendartean balioa sortzea da. Eta datuen burujabetza eta burujabetza teknologikoa dira oinarrizko bi ardatz.