INFO

Covid-19aren ondorioei aurrea hartzeko Gipuzkoan krisi-mahaia osatzeko eskatu du EH Bilduk

Krisi-mahai horren bitartez deskonfinamendua gauzatzeko neurriak adostea, pandemiak ekonomian duen eta izango duen eragina leuntzeko proposamenak biltzea edo herritarrentzako arreta zerbitzuak aktibatzea proposatu du EH Bilduk. Ostegunean eztabaidatuko da.

Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Gipuzkoako Batzar Nagusietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari alderdi guztiak batuko dituen krisi-mahai bat osatzeko eskatu dio, «salbuespen egoerak pertsonen osasunean, gure jendartean eta ekonomian izango dituen ondorioei aurre egiteko».

Koalizioak ezinbestekoa deritzo pandemiaren eraginari «adostasunean eta elkarlanetan» ondutako erantzunak ematea; horregatik, Batzar Nagusien osteguneko ez-ohiko osoko bilkuran aurkeztuko du proposamena, bertan eztabaidatzeko.

EH Bilduk zehaztu du krisi-mahai horretan «berehalako» eta «epe ertaineko» neurriak hartu beharko liratekeela, eta talde subiranistak beharrezkoak ikusten dituen neurri horietako batzuk zerrendatu ditu, besteak beste: deskonfinamendua gauzatzeko pausoak adostu eta lantzea; lan-sektore guztiei laguntzeko lerro bereziak sortzea, gehien jasango duten sektoreentzako neurri bereziak edota bitartekari lanak egitea bere egoera leuntzeko; irekita egongo diren dendentzako protokoloak lantzea; kalean bizi diren pertsonentzako eta bakarrik bizi diren pertsonentzako berehalako erantzun zehatzak hartzea; haur eta nerabeen zaintzarako gomendioak eta proposamenak zabaltzea; telefonoak aktibatzea, arlo bakoitzeko informazio zehatza emango duena eta eragile nagusiekin elkarlana eta informazio trukea bultzatzeko kontaktu jarraitua edukitzea.