INFO

Hilabete eta erdian lehenengo aldiz Covid-19ak ez du inor hil Nafarroan


Koronabirusa gurera heldu zenetik oso zaila izaten ari da inon albiste onik aurkitzea, baina duela zenbait aste dena beltz ikusten bazen, azken egunetan ematen du argi izpi batzuk hasi direla nonbait azaltzen. Atzo, daturik positiboena Nafarroak eman zuen, zalantza gabe; izan ere, itxialdia hasi zenetik lehenengo aldiz gaixotasunak eragindako kalteen txostenean ez zen hildako berririk azaldu.

Nafarroan Covid-19ak eragindako lehen heriotza berrogeialdia hasi eta berehala jazo zen, larunbat arratsalde horretan bertan, eta ordutik iragan astelehenera arte –atzo emandako datuak astelehenean jasotakoak dira– 432 lagun zendu dira; 26 urtekoa zen biktima gazteena eta 107 urtekoa adinekoena. Izutzeko moduko zenbakia, eta herenegun jazotakoak duen garrantzia agerian uzten duena.

Nabarmentzekoa da, gainera, oro har Euskal Herri osoan heriotza kopurua asko jaitsi dela azken egunetan, eta astelehenean EAEn gorantz egin zuen arren, azken lau egunetan hildakoak ez dira hogeira iritsi. Bizkaian hamar lagun hil ziren, eta bina Araban eta Gipuzkoan. Heriotzez ari garenean ezinezkoa da albiste onez hitz egitea, baina argi dago itxaropenari ate bat irekitzen diotela zenbaki hauek.

Gaixo gehiago ospitaleetan

Ikusi beharko da, dena den, heldu diren egunetan datu hauei eusten zaien, hildakorik gabeko egunera heldu arte. Baina alde horretatik, aipatzekoa da azken bi egunetan ospitaleetan artatutako gaixo kopurua handitu dela. Atzo, zortzi lagun gehiago, nahiz eta Nafarroan lau gutxiago izan ziren. Ez da zenbaki altua, baina aurreko egunetan beheranzko joera nabarmena izan zen, eta egunetik egunera dozenaka gutxiago zenbatu izan dira ospitaleetan; azken bi egunetako datuek, ordea, joera hori apurtu dute. Datozen egunetan jakingo dugu joera berri baten aurrean gauden edo egoerak egonkor jarraitzen duen.

Antzeko zerbait esan daiteke zaintza berezietako guneetan dauden gaixoei buruz. Aspaldiko partez, atzo kasu gutxiago egon ordez kasu gehiago zenbatu ziren Hego Euskal Herriko ZIUetan. Bat gehiago, hain zuzen, kasu honetan ere EAEn, Nafarroan aurreko eguneko kopuru bera egon baitzen: 45. Orotara, 159. Kasu honetan ere joera berri baten aurrean gauden esateko goizegi da, eta datozen egunetan ikusiko dugu.

Ospitaleetako bilakaera aurreikusteko, kasu berrien kopuruari begiratzen zitzaion lehen, gaixoak kutsatu eta egun batzuetara artatu behar izaten baitituzte. Duela zenbait egunetik hona, ordea, zaildu egin da positibo kopurua zenbat hazi den jakitea, PCR testekin batera test azkarrak egiten hasi baitira eta ateratzen diren datuak kontraesankorrak baitira batzuetan.

Positiboen datu nahasiak

Adibide bat jartzearren, Lakuako Osasun Saileko arduradun Nekane Murgak Radio Euskadin nabarmendu zuen astelehenean 51 positibo berri bakarrik zenbatu zirela eta horiek «oso zenbaki onak» direla. Baina hori PCR testek emandako emaitza da. Test azkarrek, aldiz, 432 positibo gehiago eman zituzten, astelehenean jakinarazitakoak baino 334 kasu gehiago. Eta test guztiak kontuan hartuta, egun batetik bestera 392 positibo gehiago egon zirela esan zuen Osakidetzak. Ikusten den bezala, zaila da neurtzea joera goranzkoa den edo beherantz egiten ari den.

Edonola ere, test mota guztiak batuta Lakuako eta Iruñeko gobernuek ematen dituzten datuei erreparatuta, esan daiteke atzo igoera nabarmena egon zela, guztira 536 kasu berri izan baitziren, aurreko egunarekin alderatuta lau aldiz gehiago.

Igoera bereziki handia izan da Araban, bertan 140 kasu berri zenbatu baitziren astelehenean, igandean 34 izan zirenean. Herrialde horretan horrelako kopuru alturik ez da izan martxoaren 31tik, koronabirusaren oldarraldia gorenean zegoenetik, hain zuzen, baina kontuan hartu behar da orduan PCR testak bakarrik egiten zirela. Gogoan izan behar da, halaber, apirilaren 19an zazpi positibo berri bakarrik zenbatu zirela, orain arte izan den kopuru txikiena.

Kasu gehien, berriro ere, Bizkaian zenbatu ziren, 222, eta Nafarroan beste 144. Gipuzkoak eman zituen atzo zenbaki onenak, 30 kutsatu berrirekin.

Azken egunetan igoeratxo bat izan dela pentsatzeko beste datu bat oinarrizko birsorkuntza tasa delakoa da, Osakidetzak emandako datuen arabera 0,81ekoa baita, aurreko egunean baino lau ehunen handiagoa, eta joan den astekoa baino altuagoa.

Bestetik, Hervé Jonathan suprefetak atzo eskainitako datuen arabera, 10 gaixo hil dira martxoa hasieratik Baionako ospitalean. 127 kasu artatu dituzte eta egun 53 gaixo daude bertan.

Ipar Euskal Herriko datuak jasotzea zaila da, Akitania Berriko Osasun Agentziak eskaintzen dituelako krisiaren inguruko zenbaki ofizialak, eta soilik Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuak argitaratzen ditu, horien zehaztasunik eman gabe.