EAEko administrazio publikoko langileak astelehenetik aurrera lan presentzialera itzuliko dira
Astelehenean, hilaren 11n, Lakuako langile publikoak lantokietara «modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun baldintza zorrotzetan» itzuliko direla iragarri du Josu Erkorekak. Itzulerako plana aurkeztu du.
Josu Erkoreka, Lakuako bozeramaileak, azaldu duenez, datorren astelehenean, hilaren 11n, langile publikoak Lakuako lantokietara «modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun baldintza zorrotzetan» itzuliko dira. Osasun sailburu den Nekane Murgarekin batera eskainitako agerraldian adierazi duenez, horretarako, «kontingentzia plan» bat prestatu dute.
Plan hori gaur jakinarazi zaie EAEko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako negoziazio kolektiborako mahaiko bileran bilduta zeuden ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei.
Erkorekak gogora ekarri du joan den martxoaren 17an, Osasun Publikoaren arloko agintaritzaren gomendioei jarraituz, Lakuak bere eraikinetan langile publikoen presentzia «ahalik eta gehien mugatzea» erabaki zuela. Adierazi duenez, lan presentziala %19ra murriztu da. Une honetan, «funtsezko zerbitzu publikoa egiteko behar beharrezkoak eta ezinbestekoak diren pertsonak soilik joaten dira lantokira».
Astelehenean, baina, deskonfinamenduan beste urrats bat emanen da eta lanpostuetara itzultzen hasiko dira. «Betiere zorroztasunez bete beharreko bi baldintza hauekin: pertsonak pila daitezen saihestea eta lanean nahitaez bi metroko tartea, gutxienez, mantentzea».
Itzulera han Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin koordinatuta egingo da. «Zerbitzu horrek arrisku egoerak ebaluatu ditu, eta zerbitzu eta lanpostu bakoitzerako etengabe eguneratuko diren prebentzio neurriak ezartzen ari da»
Hala ere Covid-19arekiko «bereziki sentikorrak» diren taldeetako pertsonek, ez dute, oraingoz, lanpostura itzuli beharko. Ezta haien kargura 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituzten pertsonak ere. Era berean, Lakuaren Telelan Programa luzatuko egingo da eta horren parte diren pertsonak etxetik arituko dira.
Lantoki bakoitzean antolamendu neurri propioak eta bereziak zehaztu beharko dira, baina Erkoreka ezinbesteko hainbat azpimarratu ditu: sarbidea kontrolatzea, pertsonen pilaketak saihesteko; haien lan motagatik nahitaezko bi metroko tartea mantendu ezin duten langileei maskarak eta norbera babesteko ekipamenduak erraztea; funtsezkoak ez diren lan bilerak presentzialak bertan-behera uztea; jantoki zerbitzurik ez egotea; higienerako eta garbiketarako plan bereziak aplikatzea edo uniformea eskatzen duten lanpostuetarako protokoloak prestatzea, uniformeak tenperatura handiko garbiketa gunera eramateko.
Era berean, ahal den neurrian, langile guztiei joan-etorriak ibilgailu pribatuetan egitea eskatu die eta garraio publikoko edo itunduko bidaiak ahalik eta gehien murriztea.
Astelehenean hasiko den itzulera mailakatu horretan, herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen dieten zerbitzuak izango dira normaltasunera itzultzen azkenak. Horrela, ahal den lekuan, babes kolektiborako manpara babesleak instalatuko ditu Lakuak, hitzordu sistemak ezarriko dira, bulegoetan jende pilaketak saihesteko, gel hidroalkoholikoen banagailuak instalatuko dira eta herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen zaien espazioen garbiketarako plan espezifikoak prestatuko dira.