INFO

Errenta aitorpenaren %0,7 gizarte xedeetara bideratzeko kanpaina abiatu dute Nafarroan

Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeek kanpaina bat abiatu dute herritarrak euren errenta aitorpenean ‘Gizarte Intereseko Helburuak’ laukia aukeratzera animatzeko. ‘Orain txalotu egingo zaitugu’ izenarekin aurkeztu dute, streaming bidez. Iazko errenta aitorpenean gizarte xedeen laukia aukeratu zutenen ehunekoak behera egin zuen Nafarroan.

Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeek errenta aitorpenerako martxan jarritako kanpainaren kartela.

Nafarroako GKE-en Koordinakundeak (CONGDN), Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa), Pobreziaren kontrako Sareak, Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Nafarroako Erakundeen Batzordeak (CERMIN) eta Nafarroako Gurutze Gorriak kanpaina bat abiatu dute aurtengo errenta aitorpenerako.

Honekin, Nafarroako herritarrak gonbidatzen dituzte, zortzigarren urtez jarraian, beren errenta aitorpenean ‘Gizarte Intereseko Helburuak’ laukia X baten bidez markatzera. ‘Orain txalotu egingo zaitugu’ izenarekin aurkeztu dute kanpaina astearte honetan.

Egungo egoeran, Covid-19aren pandemiak eragindako osasun eta ekonomia krisian, inoiz baino garrantzitsuago iruditzen zaie herritarrek egin ditzazketen ekarpenak pertsona ahulenengan eragindako kalteak arintze aldera. 

Errenta aitorpenaren %0,7 gizarte xedapenetara bideratuz gero eguneroko bizitzan desberdintasunik handienak pairatzen dituen jendeari laguntzea ahalbidetzen da. Jada desabantailatik abiatzen diren horiek krisi hau are gogorrago pairatzen dabiltzala gogoratu dute Nafarroakoak Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE).

Herritarren artean dauden desberdintasunak areagotu egingo direlakoan dira eta adierazi dutenez, «gizarte gisa, ezin dugu onartu berriz ere pertsonarik ahulenen bizkar gainean zamatzea krisiaren pisua».

«Pertsonak zaintzen dihardutenen lana txalotu da, osasun langileak izan, elikagai-hornitzaileak izan, garbitzaileak nahiz zaintzaileak izan. Horregatik, iritsi da Nafarroako bizilagunek ere zainketa egiteko tenorea, eta horrexegatik, hain zuzen, gizarte xedeetarako laukia X batez markatzera animatu nahi ditugu», adierazidu Gurutze Gorriak.

Ezjakintasuna

Herritarren artean ezjakintasun bat dagoela uste dute erakunde hauek eta horregatik beharrezko iruditu zaie azalpen batzuk ematea. Horien artean, esaterako, laukia markatzeagatik zergadunek ez dutela gehiago ordaindu behar aitorpenean eta ez zaiela gutxiago ere itzuliko.

Gizarte xedeetako laukia aukeratuz gero, aitorpenaren %0,7 pertsona erdigunean jartzen duten programa sozialetara bideratzen da; «hau da, pertsonentzat da, eta ez, ordea, erakundeen egitura eta jarduna finantzatzeko».

Lau aukera egoten dira: Elizara bideratzen dena, gizarte intereseko helburuetara doana, bietara bideratzea edo inora ez. Azken aukeraketa horri dagokionez, %1,35 egin du gora. Hau da, urtebetean 8.238 pertsona gehiagok erabaki dute aitorpenaren zati bat inora ez bideratzea. Honekin, gogoratu dute, guztia Nafarroako xede orokorretara bideratzen da.

Gizarte xedeetarako laukia pertsona gehiagok aukeratu du azken errenta aitorpenean baina, orotara, zergadunen ehunekoak zertxobait behera egin du. Alde batetik, bi aukerak markatu dituztenen zenbatekoak gora egin duelako eta bestetik, aipatu bezala, laukirik aukeratu ez dutenak ere gehiago izan direlako.

Hala, herritarren parte-hartzea sustatzea administrazioaren zeregina ere badela ohartarazi dute erakundeek: «Herritarrek gehiago parte hartuko badute, gizarte eragileen ardura da, erakundeak diren heinean, baina baita Administrazio Publikoaren ardura ere, jendea behar bezala informaturik egotea eta, era berean, eskubide hori erabiltzeko bideak ahal den neurrian erraztea».

Banaketa

Guztira, gizarte xedeetara bideratu zen kopurua 9,3 milioi euro inguru izan ziren iazko aitorpenean eta honela banatu zuten.

Zatirik handiena, %35, ekintza solidarioetara eta zenbait beharrei aurre egiteko; besteak beste, toxikomanoak, gizarte bazterkeria, guraso bakarreko familiak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, tratu txarrak pairatu dituzten emakumeak, gutxiengo etnikoak, presoak, preso ohiak, desgaitasuna duten pertsonak.

Beste %30 garapenerako nazioarteko lankidetzara bideratu zen. Bestalde, %15 prestaziorik ez duten pertsona langabeak artatzera eta beste horrenbeste Autonomia Pertsonaleko Legearen garapena babestera. Zatirik txikiena, %5, ingurune naturala eta biodibertsitatea babestera bideratutako programetara zuzendu zen.

Aurtengo aitorpena

2019. urteko Zergaldiaren gaineko Errentaren Aitorpena asteazken honetan –hilak 6– hasiko da eta uztailaren 20ra arte luzatuko da. Aurtengo berezitasuna da aitorpenak era telematikoan edo telefonoz eginen direla, ez baita aurrez aurreko aitorpenik eginen, alarma-egoeraren ondorioz.

Beren aitorpeneko tributu-esleipena aldatu nahi dutenek telefono edo internet bidez egin beharko dute tramitazioa. Batetik, 948 505 505 eta 948 505 506 telefonoak ahalbidetu dituzte eta bestetik, internet bidez, www.errenta.nafarroa.eus webgunean bakoitzak bere NAN eta pasahitza edo ziurtagiri digitalaren bitartez egin beharko du kudeaketa.