Itzuleraren gaineko erabakia ikasleen egoeraren arabera hartzea defendatu dute ikastolek
Azken bolada honetan gero eta gehiago nabarmendu da egoera zailetan bizi diren ikasleek jaso (eta jasoko) dutela kalterik handiena; ondorioz, ikasturte bukaerako plangintza ikasle horiengan zentratu beharko litzatekeela aldarrikatu du Ikastolen Elkarteak.
Lakuako Hezkuntza Sailaren ikasturte amaierarako planaren balorazioa plazaratu du Ikastolen Elkarteak. Hasteko, positiboa iruditzen zaio ikasleak geletara itzultzen hasteko plana hemendik diseinatzen jarraitzea, baina Gobernuak hezkuntza eragileekin landu behar duen erabakia dela uste du.
«Gelaratze prozesua irizpide eta hausnarketa batzuen baitan egin behar dela pentsatzen dugu: non eta zein etapatan da beharrezkoena? Zergatik? Posible al da egitea osasun baldintzei jarraituta? Bi hilabetez konfinatuta egon eta gero, orain gela itxi batean, segurtasun distantziak mantenduta, mahaitik mugitu gabe, maskarekin itzuli behar dute nerabe hauek geletara? Non gelditzen da lan kooperatiboa? Hori guztia faltan botatzen dugu Hezkuntza Sailaren proposamenean».
Gainera, ikastolen ustez, ikaslea erdigunean izanda hartu behar dira erabakiak, eta horren baitan, baldintza soziosanitarioak ere kontutan hartuta, argitu eta bideratu erabakiak. «‘Hau ez dadila gelditu’ ezin da izan itzulera honen helburua».
«Gure ustez, taldeen arabera baino, ikasleen egoeraren araberako erabakia hartu beharko genuke. Gero eta gehiago nabarmendu dugu egoera zailetan bizi diren ikasleek jaso (eta jasoko) dutela kalterik handiena; ondorioz, ikasturte bukaerako plangintza ikasle horiengan zentratu beharko litzateke», aldarrikatu dute.
Gehiago mugatu
Neurriei dagokienez, egokia iruditzen zaie ikasgeletara itzuli beharko duten mailen kopurua mugatu izana, baina langile eta ikasleen segurtasuna bermatze aldera, uste dute zertxobait gehiago mugatu beharko litzatekeela. «Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek ez lukete itzuli behar».
Ongi deritzote Haur Hezkuntzan erabaki izana 2 eta 6 urte bitarteko gelak ez direla inolaz ere irekiko, eta uste dute irizpide bera jarraitu beharko litzatekeela 0 eta 1 urteko gelekin.
Langile eta ikasleen osasuna bermatu ahal izateko ikastetxeei prebentzio-materiala emateari dagokionez, uste dute Sailak ikastetxe guztiei eman behar diela, eta ez ikastetxe publikoetara mugatu.
Eskola garraioari dagokionez, hiri eremutik kanpo dauden ikastetxeetara iristeko arazoa konpontzeko aukerak aztertzea proposatu dute.
«Oraindik gai batzuek zehaztasun eta xehetasun handiagoa behar dute, eta, gainera, aurrerantzean zalantza gehiago sortuko dira. Hori lantzeko Hezkuntza Sailak gidatuko duen prozesu honetan, hezkuntza eragileen parte hartzea eta jarrera eraikitzailea bermatu behar dira», azaldu dute.