Seaskak molde mailakatuan irekiko ditu ikastolak astelehenetik aitzina
Batzorde Zientifikoaren irizpideen kontra, frantziar Gobernuak agindu duen eskolen irekitzea dela-eta, beste behin ere erabakia inolako kontzertaziorik gabe hartu duela salatu du Seaskak, «aginduak emanez, baina horien betetzeko baliabide berririk eman gabe».
Frantziar Gobernuak Batzorde Zientifikoaren irizpideen kontra agindu duen eskolen irekitzea dela-eta, erabakia «inolako kontzertaziorik gabe, aginduak emanez, baina horien betetzeko baliabide berririk eman gabe» hartu izana kritikatu du Seaskak.
«Gure ardurak hartuko ditugu, eta ikastolak molde mailakatuan irekiko ditugu», azaldu du. Horretarako hiru arrazoi nagusi hartu dituzte kontuan, lehenik eta behin, deskonfinamenduarekin ikastoletako gurasoek lanera joan beharko dutela. «Krisi ekonomiko latza iragartzen digutenean, ezinbestekoa da ikastolek ere gure laguntza ekar dezagun batez ere guraso langileek lanpostua atxikitzeko lanera joateko parada ukan dezaten».
Bestetik, irakasleek sekulako ahalegina egin dute konfinamendu garaian jarraipen pedagogikoa egiteko, baina familia bezainbat egoera ezberdin direla kontuan izanez, inportantea deritzote zailtasunetan diren haurrek duten eskolatze premiari erantzuteari.
Hirugarrenik, euskararik ez dakiten familietan haurrek kasik bi hilabetez euskaraz aritzeko parada gutxi ukan dute. «Ikastolak irekiz, gure hizkuntza biziarazten dugu».
15 ikasleko mugan
Maiatzaren 11tik aitzina, beraz, ikastolak irekiko dituzte osasun protokoloa betez. Konfinamendu garaian egin zuten bezala, derrigorrezko ofizioetako gurasoen haurrak (osasungintza eta hezkuntza) lehentasunez hartuko dituzte.
Ikastoletan izanen dituzten irakasleen araberako taldeak osatuko dituzte 15 ikasleko mugan.
Irekitzea molde mailakatuan eginen dute, lehen mailetatik hasiz, derrigorrezko neurrien jabe egin daitezen haurrak. Ahalen arabera, gela gehiago irekiko dituzte molde progresiboan. Beraz, harrera ezingo dute haur guziendako egun guziz segurtatu.
«Argi dugu Gobernuak haurtzaindegi rol bat eman nahi diola eskolari. Neurri zorrotzak direla-eta, gure haurrek ez dute lehenago zuten eskolaren goxotasuna ukanen. Baina egoera zail honetan ere, gure haurrek merezi duten eskola baldintzak sortzeko ahalegin guztiak eginen ditugula adierazi nahi dugu, eskola parte-hartzeaile eta euskalduna segurtatzeko», adierazi du Seaskak.