INFO

Mikel Mancisidorrek jasoko du Eusko Ikaskuntza saria

Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean eragile garrantzitsuenetako bat dela ebatzita, Eusko Ikaskuntzak Mikel Mancisidorri esleitu dio 2020ko saria. Gazte epaimahaiak Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza saritu ditu, Xabier Leteren obraren berrikusketagatik.

Mikel Mancisidor, Deustoko konferentzia batean. (NAIZ)

Eusko Ikaskuntza sariak 25 urte betetzen dituen honetan, erakundeak Mikel Mancisidor saritzea erabaki du. Hark jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. Epaimahaiaren hitzetan, Mancisidor «Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean eragile garrantzitsuenetako euskalduna da, René Cassinez geroztik», eta «bereziki aipagarria da Nazioarteko Zuzenbidean bi alorretan egindako ekarpena: gizakiak ura izateko duen eskubidean eta gizakiaren zientziarako eskubidean». Gainera, epaian jaso den bezala «bere ekarpena Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere».

Lehenengoari dagokionez, nabarmendu dute UNESCO Etxeko zuzendari gisa aritu zenean bere lana erabakigarria izan zela Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2010ean Uraren Eskubidea bizitzaz gozatzeko ezinbesteko Giza Eskubide gisa aitortzeko. Bestetik, NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Komiteko kide da 2010tik eta erakunde horrexek berak onartu zuen Zientzia eta Giza Eskubideei buruzko Iruzkin Orokorra, Mikel Mancisidor kontalari izan zuena: «Horrela borobildu ditu Zientziaren Eskubidearen alorrean lanean aritutako bost urte, gaur egun, UNESCO bezalako nazioarteko erakundeek eta herrialde talde garrantzitsu batek (Europar Batasuneko zenbait eta Iberoamerikar Erakundearen parte diren hogei estatu baino gehiago) onartuta duena». Lorpen honek, Eusko Ikaskuntzaren hitzetan, balio berezia hartzen du klima aldaketa edo osasun publiko globalaren drama bezalako balore krisi bete-betean.

«Bere zorroztasun intelektual, zintzotasun, berrikuntzarako gaitasun eta ardurari esker, Mikel Mancisidor mundu globalean Giza Eskubideen garapenerako erreferente nabarmena da», adierazi dute, eta, azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du sarituaren etorkizuneko proiekzioa, «gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa den esparru horretan sakontzeko eta laguntzen jarraitzeko».

Gazte Saria, Xabier Leteren obraren berrikusketari

Bere aldetik, epaimahaiak aho batez erabakita, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizak osatutako taldeak eskuratu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria ‘Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat’ lanarekin. Proiektuaren izenburuak adierazten duen bezala, poeta eta kantariaren obraren berrirakurketa bat egin nahi da, publiko berrietara heltzeko xedez. Horretarako, artistaren obraren inguruko errezitaldi musikatu bat ondu eta disko-liburu formatuan argitaratuko dute 2020-2021 urteetako epealdian.

Gurrutxaga eta Otxoa de Alaiza gipuzkoarrak dira eta 31 urte dituzte biek. Gurrutxaga euskal literaturan doktorea da eta, hain zuzen, Xabier Leteren poetikaren inguruan landu zuen doktoretesia. Otxoa de Alaiza Pianoan lizentziatuta dago eta musikaren alorra sakonki landu azken urteotan. Epaimahaiaren aburuz, lanak sariaren xedearekin bat egiten du guztiz: «Humanitateak, Kultura eta Arteak lantzen ditu; gaurkotasun handiko gaia jorratzen du, aurten artista hil zenetik hamar urte beteko baitira; haren ondarea belaunaldi berriei zabaltzeko aukera eskaintzen du; eta, gainera, euskararen erabilera bera ere bermatuta dago».