Astea hasi denetik ez da inor hil Gipuzkoako zahar-egoitzetan
Gipuzkoako zahar-egoitzetan ez da inor hil koronabirusaren eraginez hirugarren egunez jarraian. Guztira, beste bederatzi egoiliarrek jaso dute mediku alta eta beraz, 43 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta. Egun, zazpi dira kasu aktiboak dituzten egoitzak.
Gipuzkoako zahar-egoitzetako egoera egonkortzen ari dela diruditen datuak helarazi ditu Aldundiak asteazken honetan. Hirugarren egunez jarraian, ez da inor hil zahar-etxe gipuzkoarretan; hau da, aste honetan erresidentzietan ez da inor zendu koronabirusaren eraginez.
Guztira, egun, 43 egoiliar daude kutsatuta zazpi egoitza ezberdinetan. Asteazken honetako datuen arabera, beste lau egoitza geratu dira koronabirusaren arrastorik gabe. Donostiako La Paz eta Aita Etxeko eta Zarauzko Santa Anako egoiliar bana sendatu dira azken orduetan, hala nola Eibarko Egogaineko lau adineko pertsona ere. Bestalde, Arrasateko Iturbideko egoiliar batek eta Donostiako Berrako beste batek ere mediku alta jaso dute.
Gaur arte, 348 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 43k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Positiborekin dauden 43 lagunetatik, Aldundiak jakinarazi du bakarra dela Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta dagoena eta sei direla ospitaleratutakoak.
Konfinamendua Arintzeko Plana
Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak «oso positiboki» baloratu du egoitzetako egoeraren bilakaera. Hala, iragarri du Gizarte Politiketako Departamentua lanean ari dela gizarte zerbitzuen arloko Konfinamendua Arintzeko Plana diseinatzen.
Birusari aurre hartzeko neurriak ere modu planifikatuan txertatu zirenez, beharrezkoa ikusi dute «normaltasun berrira» igarotzeko bidea ere beste plan baten bidez egitea.
Lehentasunezko helburutzat jo dute «foru eskumeneko zerbitzuen prestazioa pixkanaka berreskuratuko dela bermatzea, modu koordinatu, antolatu, koherente eta prebentiboan, erreferentzia gisa harturik zerbitzuak eskuratzeko bermea, eskubide unibertsal gisa, eta osasun publikoaren babesa».
Plan hau osatzeko, Gizarte Politikako Departamentuko foru ordezkari eta teknikariak hainbat ordezkarirekin bilduko direla adierazi du. Hala nola, hirugarren sektore sozialeko eragile eta entitateekin, egoitzen eta eguneko zentroen ardura duten lantaldeekin, senitartekoekin, sindikatuekin, udalekin, eta Batzar Nagusietako taldeekin batuko direla ziurtatu du.
Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren «lehentasun osoa» da osasun krisiaren ondorioekiko zaurgarrienak diren kolektiboen osasuna babestea. Konfinamendua Arintzeko Planak epe ertainean jarduteko epemuga edukiko du eta zerbitzuak eskubide unibertsal gisa eta jarduteko oinarrizko printzipio gisa eskuratuko direla bermatzeko xede edukiko du, lehentasuna emanez pertsona guztien osasunari eta segurtasunari, beste edozein faktoreren gainetik.