INFO

AfDren eta muturreko barne korrontearen arteko gerra Alemanian

Talde naziekin harremanak dituen «Der Flugel» muturreko korrontetik aldentzeko erabakia hartu du AfD Alemaniako alderdi xenofobo eta eurofoboak. Korrontea indartsua da Alemaniako ekialdean baina zuzendaritzak alderdiaren irudia zuritu nahi du mendebaldean behera dijoalako. Erabakiak hautsak harrotu ditu eta AfD bidegurutze baten atarian dagoela bistarazi du.

Andreas Kalbitz «Der Flugel» muturreko korrontearen buruzagia alderditik bota dute.(Ronny HARTMANN-AFP)

AfDk ultraeskuineko alderditik bota du  Andreas Kalbitz «Der Flügel» barne korronte nazi-zalearen buruzagi eta Brandenburgeko landeko agintaria.

Kalbitz berak onartu egin zuen «Alemaniako Aberriarekin Gaztedi Leiala» (HDJ) erakunde naziarekin harremanak dituela.

HDJ gazte mugimendua legez kanpo utzi berri du Gobernuak eta Alemaniako barne zerbitzu sekretuen behapean dago.

Kalbitz «Der Flügel» («Adarra») barne-korrontearen ordezkari nagusietakoa da, AfDk pasa den martxoan desegintzat jo zuena. Korrontearen fundatzaileak eta AfDk Turingian (ekialdean) duen buruzagiak, Björn Höcke-k,  «Der Flugel»-en agurra iragarri zuen Kalbitzekin batera sinatu zuen idatzian.

Brandenburg ere Alemaniako ekialdean dago eta Kalbitzen gidaritzapean izugarrrizko emaitzak lortu zituen iazko hauteskundeetan, bozen %23,5a. Bakarrik Saxonian (ekialdean ere) lortu zituen emaitza hobeak AfDk, bozen %28a.

AfDko botoemaileen %20a bat dator «Der Flügel» korrontearekin –batzuen ustez aldekotasuna herenera iristen da–, batez ere Ekialdeko Alemanian.  

Hala ere, alderdiaren presidentetako batek, Jörg Meuthen-ek, ez du muturreko korronterik nahi eta, bere garaian Marine Le Penek Front Nationalarekin egin zuen moduan, alderdiaren irudia zuritu nahi du.

«Ohiko alderdi kontserbadorea gara. Barne-batasuna ondo dago baina ultraeskuinaren posizioetatik aldendu behar gara», azaldu du.

Liskarrak eta bidegurutzea

«Der Flügel» korrontekoak ez daude ados.  

Andreas Kalbitz berak «akats politikotzat» jo du errekurrituko duen erabakia. «Horrekin alderdi egonkorrek onartuko gaituztela espero badute oker dabiltza», ohartarazi du, bere jarraitzaileei alderdian jarraitzeko eta «barrutik borrokatzeko» dei eginez.

Turingiako Höcke buruzagia benetan haserre agertu da. Aitzinako hitzak erabiliz, «alderdiari traizio egin izana» leporatu dio zuzendaritzari. Meuthen presidentea eta Berlingo alderdi-arduraduna den Beatrix von Storch jarri ditu jo-mugan eta «mugimendua aburgesatuz, benetako alternatiba bilakatzeko aukera zapuzten» dutela leporatu die.  «Nik ez dut alderdiaren suntsipena onartuko». ohartarazi du.

Tino Chrupallak, Meuthen-ekin batera AFDren presidenteak, ixilik jarraitzen du baina muturrekoen aldekoa da.

Alderdia bidegurutze baten aurrean dago. Muturreko mezuek oihartzun ona dute Ekialdeko Alemanian baina Mendebaldean sabaia jo du eta beherantz doa inkestetan. Bitartean, AFDren etsairik handiena, Angela Merkel kantzilerra berpiztu egin du koronabirusaren krisiak, etorkinen auzia eta ultrek hain gogoko dituzten gainerako gaiak alboratu dituen bitartean.