Ehun urtean lehen aldiz, euskara gehiago erabili da Tolosako kaleetan gaztelera baino
Hizkuntzen Erabileraren 2019ko Kale-Neurketak Tolosan utzi dituen emaitza historikoen berri eman dute Udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak: ehun urtean lehen aldiz, euskararen erabilerak gaztelaniarena gainditu du herriko kaleetan. Tolosako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 1985etik egiten da, eta azken hamarkadetan euskaldunak %51tik %71ra pasa dira.
Neurketak egiten direnetik aurrenekoz, euskararen erabilera gaztelaniarenaren gainetik kokatu da Tolosan, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosako Udalak aurkeztu duten ikerketaren emaitzen arabera.
Baieztatu dutenez, Tolosan euskara erabiltzen dutenen ehunekoa igo egin da azken urteetan, eta orain %49,1ekoa da. Gaztelaniarena, aldiz, %48,5ekoa da.
Tolosako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 1985etik egiten da. 2019koan, 3.246 elkarrizketaren eta 8.647 hiztunen informazioa bildu da. «Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du», Galtzaundik azaldu duenez.
Erabileraren berrindarketa
Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 34 urteetan. Azaldutakoez gain, txostenean beste datu batzuk aipatzen dituzte, hala nola euskaldunak direnen ehunekoak eta adinaren araberako erabilera.
Alde batetik, Tolosan, 1981etik 2016ra, euskaldunak biztanleen %51 izatetik %71ra pasa dira. Justu tolosarren ezagutzan egindako 20 puntuko igoera hori da 1985etik 2019ra kale-erabileran neurketen arteko aldea.
Beste alde batetik, adinari dagokienez, haurrak (%70) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%63) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak (%57), heldu-nagusiak (%44) eta adinekoak (%29).
Bilakaera horretan, azpimarratzekoa da 35 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 35 urtez azpikoetan %65eko erabilera erregistratu dute, 35 urtez gainekoen artean %39ko erabilera neurtu duten bitartean. «Aipatzekoa da, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela azken bosturtekoan 90eko hamarkadatik lehen aldiz«, nabermendu du euskara taldeak.
100 urtean lehen aldiz
2019ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emaitza esanguratsua utzi du: ehun urtean lehen aldiz euskara gaztelania baino gehiago entzun da Tolosako kaleetan.
Gaultzaindik azaldu duenez, 36ko Gerraren ondoren euskara oso gutxi entzuten zen. «Tolosarren lekukotza ugari daude bilduta hainbat liburutan eta ahozko ondarea biltzen duen Ahotsak proiektuan, eta guztietan azpimarratzen da gerra aurreko urteetan eta ondorenean euskarak ia presentziak ez zuela Tolosako kaleetan», esan du.
Gerra aurreko egoeraren lekukotza batzuk ere badaude. Esanguratsuenetakoa, Gorriti plazan sortu zen Ikastola sortzeko 1921eko informazio orrian topatu daiteke. ‘Euskera maite al dezu?’ izenburua zuen orriak eta bertan aipatzen da, hamabost urtetik beherakoen artean jada ez zela euskararik entzuten: «Eta Euskera maite dezularik, ez al-dituzu beñere malkoak begitara irten-naian nabaitu, Tolosa’ko kalean, urte gutxi barru, euskarak beruntz daraman joaira ikusita?… Tolosa’ko kalean, euskera aurren ezpañetatik igesi dijoa».
«Ondorioztatu genezake, beraz, gaztelania jada nagusi zela tolosarren artean; gerra osteko hizkuntza praktikek hori berresten dute», ondorioztatu du Galtzaundik.