Langile baten antsietate-krisia lan istripu gisa onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak lan istripu gisa onartu du Eibarko San Andres zaharren egoitzako langile batek izandako antsietate-krisia. Hori dela eta, ebatzi du Fraternidad mutuak hartu behar duela bere gain horren ondoriozko prestazio ekonomikoa.
CCOO sindikatuak azaldu duenez, langileak antsietate-krisia izan zuen bere lanpostuan, egoitzako erizaintzako laguntzaile gisa jarduten ari zela. Dirudienez, aipatu antsietate-krisia beste lankide baten eta gainbegirale baten arteko eztabaida batengatik pairatu zuen. Erizain laguntzaileak larrialdietara joan behar izan zuen eta hilabete eta erdi inguru egon behar izan zuen bajan, 2018ko abuztua eta urria bitartean.
CCOOk adierazi du Fraternidad mutuara jo zuela langileak dagokion tratamendua jasotzera, eta mutuak «ez zuela bere gain hartu nahi izan lan-istripuaren ondoriozko tratamendu edo prestazio ekonomikoa, eta baja-aldia lan-baldintzekin lotuta zegoela ezkutatzen saiatu zela».
Sindikatuaren ustez, epaiaren arabera, «eztabaidaezina» da baja medikoaren jatorriak «lanekoa izan behar duela nahitaez, lantokian eta denboran gertatu baita, nahiz eta bat-bateko edo indarkeriazko ekintza baten ondorioz gorputz-lesio fisikorik gertatu ez; ekintza horrekin identifika daiteke, hasiera batean, lan-istripua, bere zentzurik klasikoenean».
Ebazpen judizialak, gainera, aditzera ematen du «ez dagoela langileak nortasun sentibera duenik edo antsietate-erasoaren eta lan-inguruneko inguruabarren arteko erlazioa desitxuratuko lukeen aldez aurreko edozein patologia duenik pentsarazten duen ezer», azpimarratu du sindikatuak.
Sindikatuaren iritziz, askotan, horrelako minen jatorri profesionala «ezkutatzen» saiatzen diren mutuak daude, eta argudiatu du «ez dela izan lan istripua eragiten duen bat-bateko gertaera kausalik». «Kolperik, erorketarik, harrapaketarik edo antzekorik ez badago, lan-istripurik ere ez dagoela argudiatu nahi dute, eta hori bai epai honek bai legeriak berak gezurtatzen dute», gaineratu du.
Hori dela eta, CCOOk dei egin die horrelako gertakariak dituzten langile guztiei sindikatuarengana jo dezaten, lan-istripuaren ondoriozko baja izapidetu dadin.