INFO

Ikasgeletara bihar, adostasunik gabe eta errefortzurako batik bat


Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek hezkuntza presentzialari berrekiteko aukera izango dute bihar, horrela erabaki duten EAEko ikastetxeetan, Lakuak erabakia zentroetako zuzendaritzen esku utzi ostean. Hezkuntza Sailaren arabera, institutuen %20k eta Lanbide Heziketako ikastetxe gehienek irekiko dituzte ateak, sindikatuek mesfidantza agertu eta ikasleek greba deialdia egin duten arren.

«Irekiko diren ikastolak oso gutxi izango dira, lauzpabost», azaldu du bere aldetik Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Garrantzitsuena gelak «nola eta zertarako» irekiko diren dela nabarmendu nahi izan du. Ildo horretan, azaldu du neurri ugari hartu dituztela lan prebentzioko ordezkariarekin eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin adostuta. Gogoratu behar da asteon sindikatuen ordezkaririk gabeko Jarraipen Batzordea sortu zuela Lakuak ikastetxeetatik sor litezkeen zalantzak eta gorabeherak aztertu eta erantzuteko.

Ikastetxe askotan premia handienak dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin eta Batxilergoko 2. mailakoekin lan egitea erabaki dute, Unibertsitatera sartzeko hautaprobak prestatzeko. Ildo horretan, Tellituk argitu du ikastolen kasuan itzulera egoera zaurgarrian diren ikasleei zuzenduta antolatu dutela eta ez dutela ezinbesteko ikusten ikasle talde osoak gelara itzultzea. Ez du uste ikasgela bakoitzean hamar ikasle baino gehiago bilduko direnik, eta datozen egunetan ikastola gehiago irekiko direla iragarri du. «Unibertsitatera sartzeko hautaprobak prestatzeko ekainaren erdialdean irekiko dituzte ateak zentro batzuek», azaldu du.

Irekitzen diren ikastetxeetan prebentzio neurri ugari hartuko dituzte, besteak beste, eskola ordutegi osoan maskara jarri beharra, ikasleei tenperatura hartzea, ikasleen artean 1,5 metroko distantzia mantentzea, sarrerak eta irteerak era mailakatuan egitea, hidrogelak erabiltzea edo garbiketa zerbitzuak indartzea. Horrez gain, ikasleek bost ordu egingo dituzte gehienez zentroetan, klaseak ordutegi trinkoan emango dira, ez da jangela zerbitzurik egongo eta ikasgeletan ez dira hamabost ikasle baino gehiago elkartuko. Era berean, astean zehar aurrez aurreko eskolak eta telematikoak txandakatu ahal izango dira.

Sindikatuen oposizioa

Behin EAE deskonfinamenduaren bigarren fasean sartuta, Lakuak hilak 18an lortu ez zuen lege oinarria lortu du orain zentroak irekitzeko. Hori bai, berme juridikoetatik harago, hezkuntza komunitatearen zati handi batek, sindikatuak, institutuetako zuzendariak, irakasleak eta guraso elkarteak barne, segurtasun neurriak negoziatzea eskatu du. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, adibidez, Lakuaren «inprobisazioa» salatu eta ikastetxe guztientzako irizpide bateraturik ez dela nabarmendu dute aho batez, horrek «ikasleen artean arrailak sortzea edo areagotzea» ekar dezakeela ohartaraziz.

Sindikatuek neurriak iragarri dituzte bihar langileen eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatzen ez badira, eta, ELAren kasuan, greba ere deitu du. Ikasle erakundeek ere egin dituzte greba deialdiak. Biharko eguna, irakasleak ikastetxeetara itzultzeko prozesuaren lehena izango da. Ekainaren 5erako, 14 urtetik beherakoak ardurapean izateagatik salbuetsita ez dauden irakasle guztiek lan telematikoa utzi eta ikastetxeetara itzuliko beharko dute.