Maialen Gurbindo nafarra OT telebista saiotik kanporatu dute
Finalean sartzeko zorian zegoen Maialen Gurbindo musikari nafarra. Hala ere, Chica Sobresalto bezala etorkizun oparoa izango duela pentsa dezakegu, publikoak oso gustuko baitu eta disko berria prestatzen ari delako jada. Anne akademiako ikaskidearekin batera Operación Triunfo saioan euskara defenditzeagatik pasako da historiara.
Operación Triunfo TVEko musika telebista saioa aurrera doa. Aurtengo edizioa hasterakoan bi euskaldun zeuden, Anne Lukin eta Maialen Gurbindo, nafarrak biak.
Elkarrekin kantatzen jarri zituztenean Ken Zazpi taldearen ‘Ilargia’ abestia kantatzea eskatu zuten, euskaraz kantatzea zenbat gustatuko litzaiekeen adieraziz, eta ikaskide batek gure hizkuntza «zein itsusia» den esan zuenean, amorru biziz erantzun zuten biek. Azkenean, eskatutako kanta taularatu ahal izan zuten –saioa sortu zenetik euskaraz kantatzen zen lehen aldia zen– eta euren ekimenez, hitzak azpititulatu zituzten publiko guztiak ulertu zezan letraren edertasuna.
Anne hortik gutxira kanporatu zuten, baina Maialenek ikusleen zein ikaskideen bihotzak irabazi zituen eta aurrera egitea lortu zuen. Izan ere, gaztea den arren, parte-hartzaileen artean esperientzia handiena dutenen artean kokatzen da. Programan izena eman aurretik Chica Sobresalto ezizenarekin herriz herri ibili zen eta hainbat euskal talderekin kolaborazioak egin zituen. Telebistara saltoa bere ibilbideari bultzada emango dion pauso bat besterik ez da.
Pandemia dela eta, telebista saioa bi hilabetez eten behar izan zuten, ordura arte oso arrakastatsua izaten ari zen edizio batean. Atzo platora itzuli ziren akademiako ikasleak oso saio berezi batean –arrazismoaren kontrako keinuak izan zituzten abeslariek George Floyden heriotzaren aurrean protesta gisa–, eta bigarren finalaurrekoa ospatu zuten. Horren baitan Maialen kanporatu egin zuten eta finaletik kanpo gelditu zen azken unean, Extremoduroren ‘Si te vas’ kantaren bertsio bikaina kantatu zuen arren, Robe Iniestaren ahots garratza bere ahots gozoaz trukatuz.
Atarrabiakoaren ametsa, seguruenik, lehiaketa irabaztea izango zen arren, ezin dugu esan ibilbide musikal bat lortzeko bidean emaitzarik onena denik. Izan ere, aurreko edizioetan arrakasta handiagoa izan dute finalistek edo finaletik gertu gelditu direnek, irabazleek baino, beraz, Chica Sobresaltok primerako ibilbidea du ortzimugan. Hasteko, datorren urtera begira disko berria prestatuko duela aurreratu du.