INFO

Jon Darpon eta Maria Jesus Mugica auziperatzeko eskatu du LABek

LABek arduradun politikoak auziperatzeko eskatu du, Osakidetzaren «EPEa zuzentzeko arduradunak izanik, ‘sare klientelar’ bat mantentzea bermatuko lukeen estrategia eraginkorra pentsatu, diseinatu eta praktikan jartzeagatik».

Gaur bi auziperatuek deklaratu dute Gasteiz. (Raul BOGAJO/FOKU)

Jon Darpon Osasun sailburu ohia, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendaritza nagusi ohia, Juan Carlos Soto Osakidetzako Giza-Baliabideetako zuzendari ohia, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariorde ohia eta Andoni Arcelay Salazar Osasun arretako zuzendaria auziperatzeko eskatu du LABek, Osakidetzako EPEan eman diren irregulartasunak argitzeko martxan jarri den auzian herri akusazio bezala parte hartzen duen sindikatuak, ESKrekin batera.

Ohar batean azaldu duenez, sekretuen errebelazioko inputazioaz gain, LABek «inputazio gehigarri bat zuzendu nahi die bost kide hauei, elkartze ez-zilegia», Administrazioko goi-karguak izanik «eta ondorioz EPEa zuzentzeko arduradunak izanik, ‘sare klientelar’ bat mantentzea bermatuko lukeen estrategia eraginkorra pentsatu, diseinatu eta praktikan jartzeagatik».

«Horrela, Gobernu honi ‘gobernantza erraza’ ahalbidetu zioten, aukera ematen zuelako inposatu nahiko luketen edozein neurri, teknikoak, ekonomikoak edo murrizketak, erantzunik gabe ahalbidetzeko, aurretik ‘erosia’ dagoen isiltasun bat dagoelako», gaineratu du sindikatuak, eta osasungintza publikoa estatu sozialaren funtsezko oinarrietakoa dela adierazi du.

«Honekin lotuta, LABek lanean jarraituko du Osakidetza demokratizatzeko, helburu bikoitzarekin, euskal herritarrok merezi dugun osasun zerbitzu onena lortzea eta langile guztientzako lan eskubide guztiak bermatzea», ohartarazi du. Izan ere, gaur bertan, epaitegiari 30 eginbide egiteko eskatu dio eta baita neurri egokiak ezartzea ere, «beharrezko eginbideak legeak zehaztutako epeetan egin ahal izan daitezen».

Bi auzipetuen deklarazioak

Bilboko Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuko Neurokirurgia Zerbitzuko buruak eta Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Neurofisiologiako buruak Gasteizko epaitegietan deklaratu dute gaur, asteartea, Osakidetzako lan eskaintza publikoetan izandako ustezko irregulartasunen harian.