INFO

Basurtuko fokuan beste 10 kutsatu atzeman eta kezkak areagotu dira


Azken hiru egunetan 32 koronabirus kasu berri atzeman dira EAEn, aurreko zortzi egunetan bezainbeste. Bere horretan, zifra ez da eskandalagarria –gogora dezagun duela bi aste Nafarroan 30 kasu atzeman zirela egun bakarrean–, baina kasuak ospitaleetako fokuetan pilatzen diren heinean, eta joera irauli duten neurrian, kezkatzeko arrazoi nahikoa ematen du. Kutsatze tasa (Rt), esate baterako, 1,59ra igo zen atzo.

Nekane Murga Osasun sailburuak Txagorritxuko eta Basurtuko fokuen azken ordua eman zuen atzo eguerdian. Lehenengoa nahiko kontrolpean dagoela dirudi, azken 24 orduetan ez baitute kasu berririk atzeman. 102 PCR proba egin ostean, lau kasu detektatu dira orain arte; bi gaixo, langile bat eta bisitari bat. Fokua ezingo da itzalitzat jo bi aste igaro arte, baina hurrengo ordu eta egunak erabakigarriak izanen dira kasuak hedatu diren jakiteko.

Gauza berbera gertatzen da foku kezkagarrienean, Basurtun. Bezperan 10 kasu atzeman ondoren, atzo bikoiztu egin ziren, 20ra iritsiz. Horietatik bederatzi osasun langileak dira. Osotara 230 PCR proba egin dira langileen eta positiboen kontaktuen artean, baina foku hau ez dago oraindik kontrolpean. Azken positiboak, Murgak azaldutakoaren arabera, astelehen gauekoak dira; beraz, kontaktuak identifikatzeko lanak aurrera jarraitzen du. Bukatzeko, Gurutzetan positibo bakarra atzeman dela azaldu zuen, eta bertan hirugarren foku bat hasi dela ukatu zuen.

Gogoratu behar da, bide batez, 36 direla EAEn kontaktu bilaketan lan egiten duten erizainak, 60.000 biztanleko bat. Orain arteko bilakaerarekin, nahikoa zirela zirudien, baina Basurtukoa bezalako fokuak handitu edo errepikatzen badira, motz gera daitezke. Alemanian, esate baterako, bost bilatzaileko lantaldeak antolatzen ari dira 20.000 biztanleko.

Orain arte identifikatutako kontaktuei buruz galdetuta, atzo Murgak ez zuen zifrarik eman. Basurtuko zenbat langileri egin behar dieten PCRa galdetuta, erantzuna berdintsua izan zen, nahasmena eta datu garbirik ez. Osasun sailburuarekin sarritan gertatu izan da hori krisialdian zehar: datu bati buruz galdetuta, ez dakiela eta kontsultatuko duela erantzun ordez, urduri jarri, itzulinguruka hasi, bere burua setiatuta ikusi... eta informazioa ezkutatu nahi duela dirudi azkenean.

Garbi esan zuena da, edonola ere, Basurtun azken egunetan lan egin duten guztiei eginen zaiela PCR proba. Emandako epeak, ordea, zenbait zalantza uzten ditu, Murgak hurrengo bi asteetan eginen direla esan baitzuen. Alegia, hemendik astebetera langile horietako batek positibo ematen badu, esan nahiko du astebete eman duela birusa izanik ere ohiko bizitza egiten. Murgak ez zuen esan zergatik ez den behaketa azkarrago egiten, Osakidetzak egun gutxiagotan egiteko ahalmena daukanean.

Gauzak horrela, goiz da fokua kontrolpean dagoen edo ez jakiteko, eta batez ere, garaiz atzeman den esan ahal izateko. Hurrengo ordu eta egunetako bilakaerari arreta handiz begiratu beharko zaio. Bitartean, bisita protokoloak eta ospitaleetako neurriak berrikusten ari direla esan zuen atzo Murgak.

Lasaitasuna nagusi Nafarroan

Aurreko asteetako egoera irauli egin da azken egunetan. EAEn lasaitasuna nagusi zenean, Nafarroan kasu dezente atzeman zituzten. Orain alderantziz. Bilakaera oso ona da azken asteetan herrialdean, eta atzo positibo bakarra topatu zen. Hamaika egun dira jada heriotza bakar bat ere zenbatzen ez dela.