INFO

Artista gazteak laguntzeko Izango Zara bekak onartu ditu Gipuzkoako Diputazioak

Arte eta kulturako sektore desberdinetako ikasketetan sakontzeko zein proiektuak garatzeko beka desberdinak prestatu ditu Gipuzkoako Diputazioak. Pandemia dela eta aurrekontuen berrantolaketa egin behar izan badute ere, laguntza hauek mantentzea erabaki dute.

Harkaitz Millan, erdian, gaur goizeko aurkezpenean. (NAIZ)

Gipuzkoako Aldundiak 255.500 euro bideratuko ditu Izango Zara bekak eta laguntzak kudeatzeko. Horien bidez arteari lotutako talentu berriei babesa emango die. Kultura eta Gaztedi diputatua den Harkaitz Millanek gaur goizean aurkeztu ditu laguntzak Donostian egindako internet bidezko prentsaurreko batean. Deialdia 16 eta 31 urte bitarteko gipuzkoarrei zuzenduta daudela argitu du bertan.

Millanek esan duenez, pandemia dela eta aurrekontuak berrantolatu behar izan dituzten arren,  laguntza hauek onartzea erabaki dute epe laburrean kultur sektoreari bultzada bat emateko. «Esfortzu» hori egitea «funtsezkoa» dela uste du Millanek, «gazteen talentuaren aldeko apustua egitea Gipuzkoako etorkizunaren aldeko apustua» ere badelako.

Bekak lerro desberdinetan daude banatuta musika, dantza, arte dramatikoa, arte bisualak, erakusketen komisariotza, moda, arkitektura, ondare historikoa eta proiektu solidarioen inguruan gehiago ikasteko bideak zabaltzen dituztenak. Laguntzen baitan Nicanor Zabaleta Beka ere aipatu du diputatuak, sokazko musika tresnaren bat jotzen duten 25 urtera arteko gazteei zuzendua, zeinek 18.000 euroko laguntza duen. Bestalde, 10.000 euroko bi bekek ikerketa historikora bideratuko dute Gordailuan praktikak egiteko –Gipuzkoako Artxibo Orokorrak kudeatuko ditu–.

Era berean, Izango Zara programak Elias Querejeta Zine Eskolan graduondokoa ikasteko hiru beka eskainiko ditu (2.500 euroko laguntza), eta proiektu kolektiboak garatzeko 5.000 euroko laguntzak bideratuko dituzte.