INFO

Alai argitaletxeak gazteei zuzenduriko saila izenburu interesgarriekin handitu du

‘Arrastoa’, Lekunberrin kokatutako gerra aurreko intrigazko istorioa; ‘Bazterrekoa izatearen alde onak’ arrakastatsua eta Francesco D'Adamoren Iqbal pertsonaiak landatu zuen haziaren fruitua dira Ganbara saileko ale berriak. Hauen helburua gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea da.

Gaur goizeko aurkezpen hirukoitza. (Jon URBE / FOKU)

Juan Kruz Igerabideren ‘Arrastoa’, Stephen Chboskyren ‘Bazterrekoa izatearen alde onak’ eta Francesco D'Adamoren ‘Okerreko aldean. Itxaropena Iqbalen ondoren’ dira Alai argitaletxearen Ganbara saileko ale berriak. Aurelio Erdozain editoreak azaldu duenez, honen helburua «gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta hemengo zein kanpoko egileak ezagutzera ematea» da. Izan ere, uste du batzuetan gazteei gustuko dituzten liburuak topatzea kostatzen zaiela, interesik ez dutelako edo luzeegiak direlako, eta haientzako aproposa den eskaintza interesgarria prestatzen saiatu dira.

Gaurko aurkezpenean, Juan Kruz Igerabidek azaldu du ‘Arrastoa’ bere aitonaren herrian, Lekunberrin, dagoela kokatuta. Aspaldian pentsatu zuen Justinoren inguruko istorioa, gaztelaniaz ‘Kixotea’ irakurtzen ikasi zuen pertsonaia. Herrian gertatzen den hilketa bat ikertzera doan detektibe bati esker josi zuen XX. mendearen lehen zatitik 36ko gerrara bitartean garatzen den istorioa. Egilearen hitzetan, bi protagonistez gain beste pertsonaia interesgarri batzuk ere agertzen dira, tartean ostatuko langilea den emakumea edo maisu errepublikarra.

Lurdes Auzmendi eta Koldo Biguriri egokitu saie D'Adamoren liburua itzultzea, aurretik idatzi zuen ‘Iqbalen historia’ eleberriaren osagarri dena. Auzmendik azaldu duenez, Fatima eta Maria lagunen arteko gutunak dira eleberriaren oinarria. Fatima Pakistango alfonbra lantegitik ihesi joan zen Milanera, eta bertan egiten du lan neskame moduan. Egun batean, mutiko beltz bat aurkitzen du eta bere anaia bilatzen laguntzen dio Italiako hegoaldean. Honek agerian utziko ditu Afrikatik iritsitako sasoitako langileen egoera latza. Maria, berriz, Pakistanen gelditu da eta GKE batekin aritzen da polioaren kontrako txertoaren kanpaina egiten. Integristekin bizi duten egoera azaltzen du honek bere gutunetan, baita nazioarteko marken arropak jostean sortzen den esplotazio sistema ere. Biek Iqbalen izpiritu iraultzaileari eusten diote borrokan jarraitzeko.

Azkenik, Chboskyren liburua Alex Aldekoa-Otalorak euskaratu du. Arrakasta handia izan duen testua izan da, filma egin dute eta gazteen artean ahoz aho zabaldu da ‘Bazterrekoa izatearen alde onak’, AEBko hainbat esparrutan gordina izateagatik debekatu zuten arren. Izan ere, hainbat nerabeek dituzten gatazkak argi agertzen dira: drogak, sexualitatea, maitasuna eta harreman arazoak. Charlie da protagonista, bazterreko pertsonaia bat, zeina neba-arreba batzuen lagun egiten den eta bide batez bazterreko beste pertsonaia batzuk ezagutzen dituen.