Guardia zibil bat, Beatriz Etxeberria presoari: «Zuri eta zure alabari tiro bat emateko gogoa jartzen ari zait»
Eskua pistolan jarrita, guardia zibil bat «tiro bat emateko gogoa» jartzen ari zitzaiola esanez zuzentzu zitzaien atzo Beatriz Etxeberria presoari eta haren bi urteko alabari, senideek Etxerati jakinarazi diotenez.
Ohar baten bitartez, Beatriz Etxeberria Caballero euskal preso politikoaren senideek helarazi dioten salaketaren berri eman du Etxeratek.
Azaldu dutenez, Aranjuezko espetxean daude Etxeberria eta haren bi urteko alaba, etxetik 500 kilometrora eta, atzo, asteratea, Niño Jesus Haur Ospitalera eraman zituzten, umeari bi kontsulta egin behar zizkiotelako.
Lehenengoaren ondoren, eta bigarrenaren zain zeudela, zaintzan ari ziren efektiboetako batek, guardia zibil batek, pistolan eskua jarriz zuzendu zitzaion Etxeberriari, honako hitzekin: «Zuri eta zure alabari tiro bat emateko gogoa jartzen ari zait».
Une horretan, Etxeberriak medikuari esan zion kontsulta bertan behera uzten zuela, alabaren segurtasuna ezin zuelako bermatu eta jasandako mehatxu eta jarreretatik aldentzeko.
Etxeraten ustez, mehatxu eta jarrera horiek «larritasun handiagoa» dute bi urte eskaseko haur baten aurkakoak izan direlako eta elkarteak «onartezintzat» jo du gertatutakoa, «segurtasuna bermatu» beharko luketen pertsonek arrisku egoerak sortzen dituztelako.
«Etxeratek behin eta berriz salatu du –dio oharrak– haurrak eta adingabeak, euskal presoen seme-alabak edo senideak egoera ahulean daudela hainbat motatako eraso eta hertsapenen aurrean eta lotsagarritzat jotzen du haurren eskubideen aurka egiten den mespretxua».
Sortuk elkarretaratzea deitu du biharko Bilbon
Bestalde, Sortuk Bea Etxeberriak eta alabak jasandako meatxuak «erabat larriak eta onartezinak direla» salatu du. «Estatuko segurtasun indarrek inpunitate osoz dihardute oraindik ere pertsona zaurgarrienen aurka gupidarik gabe jotzen», gaineratu du.
Sortuk azaldu duenez, euskal preso politikoen aurkako mehatxuak, irainak eta laidoak maiz eta etenik gabe gertatzen badira ere, «kasu hau are larriagoa da heriotz-mehatxua bi urteko haurrarentzat ere izan baita».
Eraso hau salatzeko, Sortuk elkarretaratze bat deitu du bihar (osteguna) 19:00etan, Bilboko Plaza Eliptikoan, Gobernuaren Ordezkaritzaordetzaren aurrean.