«Dexa», Himalaian bizitzak salbatzetik koronabirusari aurre egitera?
Himalaiako mendiak ezagutzen dituztenen artean aski ezaguna da Dexametasona botika. Goi-mendiak helmuga dituztenen motxiletan ez da falta «Dexa» esaten dioten sendagaia, goi-minaren kontra askotan erabilia. Urrutira jo gabe, Juanito Oiarzabalek 2011n erabili behar izan zuen Lhotse menditik jaisteko. Kasu hartan, egoera larrian zegoen mendizale gasteiztarra, baina espedizio komertzialetan hain orokortua dagoenez botikaren erabilera, ez dira gutxi dopin gisa ere erabiltzen dela salatzen dutenak.
Mendizaleen eztabaidak alde batera utzita, Ingalaterran Dexametasona esteroide merkeari dohain berri bat aurkitu diotela dirudi. Asteartean ezagutarazi zutenez, botikak oso emaitza onak eman ditu koronabirusa daukatenen artean. Ez du, antza, gaitza sendatzen, baina bizirik irteteko aukerak handitzen ditu gaixo larrien artean. Ikerketaren emaitzak Oxfordeko Unibertsitateak ezagutarazi zituen, eta Gobernuak atzo bertan esan zuen covid-19aren tratamenduan sartuko duela «Dexa».
Ikerketaren emaitzen argitalpenak polemika piztu zuen zientzialarien artean, emaitzak prentsa-ohar bidez ezagutarazi zituztelako, artikulu zientifiko batean egin ordez; parekoen arteko berrikusketarik gabe, alegia, akademian ohikoa zen eran, koronabirusa iritsi aurretik. Hydrocloroxinarekin gertatutakoak ere eskarmentua utzi du.
Itxaropenerako arrazoiak
Kasu honetan, ordea, ez dira edozein ikerketa taldek iragarritako emaitzak. Koordinatzaileak Oxfordeko Unibertsitatekoak dira, eta ikerketa “Recovery” planaren baitakoa da, Britainia Handiko 175 ospitaleetako 11.000 gaixoen informazio zuzena erabiltzen duena. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta Londresko Gobernuaren erantzun azkarrak horrela adierazten du. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere ez zuen bere poza ezkutatu atzo.
Ikerketaren emaitza zehatzak oraindik publikatzeke daude, baina asteartean aurreratutakoak itxaropentsu izateko arrazoi nahiko ematen duela dirudi. Lehenik eta behin, bizitzak salbatzeko emaitza positibo zuzenak ematen dituen lehenengo tratamendua delako. Eta bigarrenik, nahiz eta gaixotasuna ez sendatu, hilkortasuna nabarmen murrizten lagundu dezakeelako. Adituek esaten zutenean ez zela gauza bera martxoan kutsatzea edo, demagun, uztailean, honi buruz ari ziren.
Emaitzak. Oxfordeko ikertzaileen arabera, dexametasona esteroideak dosi txikitan emanez gero, arnasgailuetara konektatuta dauden gaixo larriak hiltzeko aukera %30 murrizten da. Oxigenoa behar dutenen artean, berriz, arriskua %20 txikitzen da. Asteartean esandakoaren arabera, «Dexa» lehenago erabili izan balitz, Erresuma Batuan 5.000 heriotza ekidin zitezkeela kalkulatzen dute ikertzaileek. Ikerketa egiteko 2.000 gaixori eman zieten dexametasona, eta horien bilakaera beste 4.000 gaixorenarekin alderatu zen. Ez dira lagin txikiak, beraz.
«Hilkortasuna modu esanguratsuan murrizten duen lehenengo botika da hau, aurrerapauso itzela da», esan zuen Peter Horby ikerketaren buruak. Hori bai, gaixo arinen artean, dexametasonak ez du inolako eraginik izan.
Prezio baxuko botika
Prozesuan parte hartu duenetako Martin Landrayk beste abantaila batean jarri zuen arreta: «Tratamendua hamar egunekoa da eta 5 libera –5,5 euro– inguru balio du gaixo bakoitzeko; mundu osoan eskuragarri dagoen botika da, gainera». Ez da xehetasun txikia. Orain arte, emaitzaren bat eman duen botika bakarra Gilead enpresak egindako Remdesivir da, baina eztabaida zientifikoarekin batera –bere onurak ez daude erabat garbi oraindik–, kostuaren arazoa dauka, tratamendu bakoitzak milaka euro balio baititu.
Gauzak horrela, aurrerapauso itzela izan daiteke dexametasonarena, baina komeni da bere neurrian baloratzea, ez baita koronabirusa desagerraraziko duen botika. Bizitzak salbatzea ahalbidetu dezake, eta hori asko da, baina atzo Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaile Devi Sridhar-ek gogorarazi zuenez, ez du pandemiaren dinamika aldatzeko gaitasunik. Kutsatze bolada handi bat etortzen bada, ez du ospitaleen kolapsoa saihestuko, gaixo larriekin bakarrik funtzionatu duelako. «Agertokia benetan alda dezakeen botika gaixo arinak gaixo larri ez bilakatzea ahalbidetzen duena da». Hori eta txertoa, jakina. Ez da lan txikia, beraz, zientzialariek hurrengo hilabeteetan aurrean daukatena.