INFO

Alderdi Demokrataren korronte ezkertiarra sendotu egin da New Yorkeko primarioetan

2018ko hauteskundeetan Alderdi Demokrataren sektorerik progresistenak Kongresuan sartzea lortu zuen Alexandra Ocasio-Cortez buru zuela. Atzoko New Yorkeko primarioetan, orduko hautagai ezkertiarrak aise gailendu zaizkie establishment-aren ordezkariei eta garaipen berriren bat eskuratzea lortu dute. Joe Biden Etxe Zurirako hautagai demokrataren aurrean galdu zuen Bernie Sandersen azken garaipena. Berea.

«Gure mugimendua ez dela ezuste bat argi geratu da, agindu bat da», esan du Ocasio-Cortezek. (Stephanie KEITH-AFP)

AEBetako Alderdi Demokrataren korronte ezkertiarrenak, Alexandria Ocasio-Cortez (AOC) kongresistak ordezkatzen duenak, indar erakustaldia egin du New Yorkeko primarioetan. 2018an lortu zuten arrakasta errepikatzeaz gain, 16. barrutian irakasle beltz eta ezkertiar bat establishment-aren hautagaiari gailendu zaio.

Korreo bidezko bozak zenbatzeko daudela, Alexandria Ocasio-Cortez (AOC) jatorriz puertorricarra den kongresistak %70 eskuratu du eta aise gailendu zaio Michelle Caruso-Cabrera hautagaiari.

Goldman Sachs moduko koroporazioen eta Wall Streeteko enpresari harroen babesa izan duen arren –edo agian izan duelako– bozen %20a baino ez du eskuratu establishment delakoaren ordezkaria zen telebista aurkezle ohiak.  

Ocasio-Cortezek eta berak ordekatzen duen korronte ezkertiarrak 2018an agintaldi erdiko hauteskundeetan lortu zuen emaitzak berretsi ditu oraingoan.

AOC-ek ez du inolako arazorik izango Kongresuan bere eserlekua mantentzeko, azaroko hauteskundeetan bere burua aurkeztuko duen barruti demokratan etorkin asko bizi den langile auzoak hartzen dituelako, Bronxetik Qeensera.

Korronte aurrerakoia osatzen duten beste lau emakumeek, Jessica Ramos, Julia Salazar eta Alessandra Biaggi senatariak, eta Catalina Cruz legebiltzarkideak ere aise irabazi dute beraien barrutietan.

Aurretik, 2016an, Kongresura iristea lortu zuen Adriano Espaillat-ek, AOCen kidea berau ere, samur irabazi du zegokion lehia.

Hauei beste ordezkari bat gehituko zaie ziurrenik, kasu honetan gizonezkoa ere, beltza, eta institutuko zuzendari ohi ezkertiarra.

16. barrutian AOCen babesa zuen Jamaal Bowmanek bozen %60,5a eskuratu du eta 1988tik gaur arte kongresista den Eliot Engel-i gailendu zaio.

Clinton eta Pelosi galtzaile

Hillary Clintonen eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen babesa zuen arren, bertan azken 30 urteetan Kanpo Arazoetarako presidentea izan den Engelek bozen %35,9a baino ez du lortu. Hala ere, posta bidezko bozak, asko oraingoan pandemia dela eta, zenbatu arte ez duela bere porrota onartuko adierazi du.

Emaitza ez dago oraindik garbi 12. barrutian, Manhattan, Queens eta Brooklyn-eko zonaldeak hartzen dituena. Han Carolyn Maloney kongresistak aurrez-aurre du Suraj Patel indiar jatorrizko enpresaria.

Patel bera ez da korronte ezkertiarraren kide baina bere egin ditu haien hainbat proposamen, hala nola ekonomiaren trantsizio ekologikoa, etorkinen defentsa eta enpresa handiek hauteskunde kanpainetan diru-laguntzak ematea debekatzea. 2018an 8.000 boza baino ez zizkion atera Maloney-k.

Bronxeko 15. barrutian, herrialde osoan barrutirik pobreenean, bazirudien Ruben Diaz erreberendoak irabaziko zuela. Eliza ebangelikoaren babesa du eta oso kontserbadorea da. Azkenean Ritchie Torresek beteko omen du Jose Serrano kongresistak, pairatzen duen parkinsona dela eta, libre utzi duen eserlekua.

Azkenik, primarioetan aise irabazi du Joe Biden dagoeneko lehendakaritzarako hautagai demokratak bozen %60arekin.

Bernie Sanders senataria %20ra ere ez da iritsi. Baina berea izan zen bide batez AOCen eta besteen garaipena. Adineko politikari sozialistak jarritako hazia dagoeneko zuhaitz gazte bihurtu da. Eta hazten ari da, etengabe.