Jayson Grangerren sustoa Baskoniaren porrota baino kezkagarriagoa izan da (76-74)
Ezkerreko oinean min hartu du Uruguayko antolatzaileak, baina itxura baten ez ei da ezer larria. Baskoniak bere jokalari garrantsitsuenei atseden eman die eta gazteenek, Arturs Kurucsek batik bat, maila txukuna eman dute Joventuten aurka, nahiz eta irabazterik lortu ez.
JOVENTUT 76 - KIROLBET BASKONIA 74
Gutxien ardura duena Kirolbet Baskoniak Joventuten aurka nozitu duen porrota izanda. Askoz garrantzitsuagoa izan da Jayson Grangerrek berriro min hartu duela da, hirugarren laurdeneko aurreneko jokaldian, saskira barneratzen ari zen bitartean. Ezkerreko orkatila berriro erasan du eta une batez orpazurdan berriz ere zerbait izan zezakeela bazirudien ere, azkenean Uruguayko antolatzailea, errenka bada ere, irrifartsu atera da behintzat. Are gehiago, «egon lasai. Susto bat baino ez da izan», esan du Grangerrek berak Instagramen. Ikusi egin behar, dena den, igandeko finaerdietarako prest egongo den ala ez.
Tornike Shengelia eta Pierria Henry deialditik at laga ditu Dusko Ivanovicek, eta horrez gain, eta Grangerri gertatu zaiona aparte lagata, Vildozak 11 minutu eskas jokatu ditu, Micheal Ericek 6, Ilimane Diopek 13 edo Shavon Shieldsek 3 eskas. Hala, «beteranoen artean» Janning, Dragic eta Polonara bakarrik aritu dira 20 minutuz goitik eta, ondorioz, Sergi Garcia, Arturs Kurucs, Tadas Sedekerskis eta Miguel Gonzalezek minutu mordoa izan dute.
Horien artean, zalantzarik gabe, Arturs Kurucs antolatzaile letoniarra izan da itxurarik egokiena eman duena, Sergi Garciarekin batera. Lastima izan da Sedekerskisen lana, ongiegi aritu ez bada ere, partida irabazteko aukera berak izan du, markagailua 75-74 zela partidako azken segundoetan. Zoritxarrez, Sedekerskisek hondoko marra zapaldu eta eta hantxe joan dira gasteiztarren aukerak, nahiz eta partida ez irabazteak ez duen ardurarik, batekoagatik.
«Bigarren zatian erakutsi dugun intentsitatea gustatu zait. Hor egin dugun defentsa eta erakutsu dugun grinarekin geratzen naiz, ez ordea aurreneko erdiarekin. Une horietan ez dugu ulertu zertarako zen gaurko partida», adierazi du Dusko Ivanovicek partida ostean.
Joventutek berak ere Dimitrijevic eta Alen Omic gabe jokatu du, eta Prepelic izarrak ere ez ditu 11 minutu baino gehiago jokatu. Horrez gain, min hartu omen duelako, Carles Duranek esandakoaren arabera, Xabi Lopez-Arostegik ez du azken laurdenik jokatu.
Dena dela, Badalonakoek errekurtsoak dauzkatela erakutsi dute. Xabi Lopez-Arostegi bera, esaterako, baina batez ere Arturs Zagars antolatzaile letoniarrak –Letoniako selekzioak a zer bikotea osa lezakeen Kurucs eta Zagarsekin– sekulako hasiera eman dio partidari. Horrez gain, Busquets, Parra edo Parrado lako gazteek ere sekulako buruko minak eragin dizkie gasteiztarrei.
Atsedenaldira arte, nahikoa lan izan du Baskoniak Joventuten martxari eusten, neurri handi baten Grangerren eta Polonararen lanari esker, baita Diopen minutu onei esker ere.
Atsedenaldira 39-30 iritsi ostean, nahiz eta Grangerrek min hartu duen, Baskoniak askoz ere serioago hartu du partida. Paradoxikoki, bigarren erdian askoz minutu gehiago izan dituzte jokalari gazteek, Dragic eta Polonara beteranoekin batera lanean. Hala, 5-16ko partziala erdietsi dute arabarrek, Joventutek gasteiztarren defentsa gainditzeko arazoak dituela.
Alabaina, katalanek Kerem Kanter, Zagars eta Ventura aurkitu dituzte azken minutuetarako, Baskoniak Polonararekin puntuak lortu dituen bitartean. Nornahiren alde eror ziteekeen partida eta azkenean Joventuten alde erori da.