INFO

55. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra egingo da TaupaDA! leloari jarraiki

Ziurgabetasun egoeran egon arren, Durangoko Azoka ‘normaltasun berrira’ egokitu eta antolatzeko erabakia hartu du Gerediaga elkarteak. 55. edizioa abenduaren 5etik 8ra egingo da eta online bertsioa ere izango du.

Nerea Mujika eta Arantza Atutxa, gaurko agerraldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

55. Durangoko Azoka abenduan antolatzeko asmoa erakutsi du Gerediaga elkarteak. Ziurgabetasunez betetako egoeran egon arren, Azoka ‘normaltasun berrira’ egokitu eta antolatzeko erabakia hartu du. Nerea Mujika presidenteak eta Arantza Atutxa kudeatzaileak eman dute astelehenean erabakiaren berri.

55. Durangoko Azoka egoera berrira moldatuta antolatzeko lanean ari da Gerediaga Elkartea. Horretarako, azokaren ekosistemako eragileekin bildu da eta guztien ekarpenetatik egituratzen ari dira. Hala adierazi dute gaurko agerraldian.

Lau eguneko azoka izango da, abenduaren 5etik 8ra, larunbatetik asteartera. «Ostiraleko goiza, berriz, ikastetxeei zuzendutakoa, digitalean moldatutako programazioan oinarrituko dugu aurten», azaldu dute.

«Egoera berri honetan jarraitu beharreko osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, protokolo berezia lantzen eta diseinatzen ari gara. Ezaugarri nagusietako bat, jende pilaketak ekiditea izango da, tartean sarrera kontrolatuz. Egitarauari dagokionez ere, ildo beretik –osasun eta segurtasun protokoloari jarraituz– zuzeneko aurkezpen, emanaldi eta ekitaldiak murriztu egingo dira, eta ikusle kopuru murriztu eta kontrolatu batentzako izango dira. Aldiz, streaming emanaldiak eta nahieran webgunetik jarraitzeko aukera egokituko dugu», adierazi dute Gerediagatik.

Nerea Mujikak kulturak etxealdian izan duen paper garrantzitsua azpimarratu du ‘salbatu’ egin gaituela esanez. Sektore kaltetuenetako bat kulturgintza izan dela eta ‘zeinen beharrezko ditugun’ ohartzeko balio izan duela gaineratu du. Kultur sortzaileek egoerari eutsi diotela nabarmendu du. Aurtengo ediziorako aukeratutako TaupaDA! leloarekin mezu baikorra eman nahi dute Gerediaga Elkarteko kideek. Euskal kulturgintzari auspoa emanda, bizia ematen jarraitu nahi du, babestu eta bizi dagoela erakutsi. Durangoko Azoka, beste urte batez ere, euskal kulturaren topaleku izaten jarraituko du.

Azokak berak ere, online bertsioa izango du. 2020ko argitalpen eta produktuen denda birtuala izango du www.durangokoazoka.eus webguneak. Beraz, etxetik azokara sartu, urteko nobedadea erosi eta erositakoa etxean jaso ahal izango du nahi duenak.

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak, 55. Durangoko Azoka zer izango den zehazteko lana daukatela oraindik gaineratu du, baina antolaketa ‘momentuko egoerara, eta ahal den heinean, egoikitzen’ joango direla azpimarratu du.