Iriarte: «Urkulluk esan du ez duela murrizketarik egingo, baina egiten ari da; ez dauka sinesgarritasunik»
Nerea Kortajarenarekin batera Tolosan egindako ekitaldian, Maddalen Iriartek esan du EH Bilduk hitza ematen duenean «bete» egiten duela, eta Urkulluk, aldiz, ez daukala «sinesgarritasunik».
Maddalen Iriarte uztailaren 12rako bozetarako EH Bilduren lehendakarigaiak bere 10+1 konpromisoak berretsi ditu asteazken arratsaldean Tolosan egindako ekitaldian. Konpromiso horiek «egingarriak» direla ziurtatu du, eta gogorarazi du, EH Bilduk «hitza ematen duenean» «bete» egiten duela, ez dituela «hauteskunde promesak» egiten, konpromisoak hartu baizik. «Gobernatzeko hitza izan behar delako», esan du Iriartek.
Adibide batzuk ere jarri ditu: «Madrilen PP kanporatuko genuela esan genuen, eta hala egin genuen; Maroto Gasteizko udaletxetik aterako genuela esan genuen, eta hala egin genuen; UPN Nafarroako Gobernutik aterako genuela esan genuen, eta hala egin genuen; Madrilera lan erreforma betetzeko konpromisoa eramango genuela esan genuen, eta egin dugu».
Kontrara, eta kanpainan behin eta berriz errepikatzen ari dena berresanez, beste eredu bat aipatu dugu, Urkullurena. Ohartarazi du EAJ-PSE gobernuak ez dituela esandakoak betetzen, kasurako, EAJren hautagaiak promestu duen arren ez dituela murrizketak egingo, jada egiten ari dela abisatu du Maddalen Iriartek: «Nola ez duela murrizketarik egingo? Murrizketak egiten ari da jada. Osasun arloan egin ditu, gizarte politikan eta hezkuntzan bezala; aste honetan bertan irakasle kopuru handi bat murriztu du. Urkulluk ez dauka sinesgarritasunik», kritikatu du. «EH Bilduk gobernatzen badu, ez da murrizketa bakar bat egongo», hitz eman du.
Halaber, erabakitzeko eskubidearen inguruan EH Bilduk EAJrekin lortutako akordioa Urkulluri «ahaztu» egin zaiola salatu du.
EAJren normalitate berriari uko
Nerea Kortajarena EH Bilduko zerrendakideak agertu du koronabirusaren krisi honetan agerian geratu direla «urteetako hautu politikoen ondorioak». «Ikusi dugu zaintzak, berriro ere, emakumeen bizkar geratu direla; prekarizatutako emakumeen ejertzito batek sostengatu du bizitza», esan du.
Bestalde horretan, EAJk berreskuratu asmo duen «normalitate berria» ukatu du, Lakuak covid-19aren krisitik ateratzeko argitaratutako dekretuak adinekoen egoitzak eta gizarte zerbitzuak «ahaztu» dituelako. «Mendia eta Urkulluk irudikatzen duten eta guztiz ezaguna eta zaharra den normalitate hori onartzeko prest zaudete? –galdetu die Tolosara agertu direnei–. Ezin dugu onartu normaltasun berri hori».
Ildo beretik, Kortajarenak, «zelofana» kendu die EAJren promesa elektoralei eta haren «benetako programa» azaldu die Tolosan bildutakoei: «Subiranotasuna? Ez dago erabakitzeko eskubiderik. Osasuna eta hezkuntza? Murrizketak. Enplegu politika? Confebaskek agintzen duena. Industria politika? Errentetatik bizitzea. Finean, ez erabakitzeko eskubiderik, ez herrialde honek behar dituen gizarte politika aurreraturik».
«Sinetsarazi nahi digute ez dagoela alternatebarik, posible denaren kartzela bat inposatu nahi digute. Herri honen aspirazioei mugak jarri nahi dizkiete, baina badago alternatiba bat, egingarria, sinesgarria, askatzailea. EH Bildu gobernuan dagoen herrietan argi ikusten da: alternatiba hori EH Bildu bakarrik da», esan du.