Konexio bila
Garai berezi samarrean heldu zaigu hauteskunde kanpaina eta orri zuriaren aurrean ez da erraza gertatzen analisi sakonik egitea, are gehiago demoskopian eta jardun politikoan aditu ez garenontzat. Horiek aurrez esanda, datorren uztailaren 12ko bozetan herri txiki honetako zati baten gobernantza eredua zein izango den dago jokoan, gauzak egiteko beste modu batean sinisten dugunontzat erronka potoloa. Eta horrek argi luzeak jartzea eskatzen du, begirada zabaltzea.
Jakin badakigu hauteskunde kapainak sprint moduko bat direla. Alderdiek eta hauen aholkulariek tentuz prestatzen dituztenak. Analisi soziologikoak, inkestak, denboraz landutako komunikazio estrategiak, ongi diseinatutako eszenografia, tarjeta ongi definitzea.... Hautagiek esaten digutena bezain garrantzitsua da nola esaten diguten. Hala diote honetan ikasiak direnez eta esango nuke uste baino eragin handiagoa duela gugan. Oraingo honetan, koronabirusaren krisiak markatu duen une honetan, oso ezaugarri bereziak hartu ditu kanpainak. Maskara darama, literalki esan dezakegu.
Fokua zabaltzeko ahalegin horretan, interesgarria da maskarak uzten diguna baino harago begiratzea. Kanpainaren ikusgarritasuna begi bistatik galdu gabe, aurrez egindakoa aztertzeko pausa bat egitea eta eskaintzen diguten proiektuan sinisten ote dugun galdetzea geure buruari. Segurtasuna eta egonkortasuna pisuzko baloreak dira gure gizartean. Bada ez bada, gauzak ez daitezela gehiegi mugitu. Eta beldur horri bikain erantzuten asmatzen dute.
Beldurra eta aldaketa bidelagun txarrak dira ordea. Uste dut premisa hau argi daukan belaunaldi berri bat badagoela gure artean. Beste kezka batzuk dituena eta horiek mugituta jarduten duena. Aktibatu egin dira eta bide berriak topatu dituzte arduratzen dituena adierazteko. Larrialdi klimatikoak kezkatzen ditu, feminismoan sinisten dute, diskriminazio oro gaitsezten dute, ez dute prekarizatuta bizi nahi, autoritarismoa salatzen dute berdintasunaren mesedetan, askatasun egarria daukate... Interesa dute, ikasteko gogoa, begirada kritikoa. Eta horrek euren etorkizunaren eta herri honen geroaren inguruan erabakitzeko gaitasunak ematen dizkie. Herri honen historiaren eta etorkizuneko helburuen arteko lotura egiten asmatzea izango da gakoetako bat.
Ingurura begiratuta, susmoa daukat gazteenei askotan kosta egiten zaiela egungo klase politikoarekin konexioa egitea. Edo alderantziz, klase politikoa dela belaunaldi berri horri nola erantzun asmatu ezinik dabilena. Segurtasunaren eta egonkortasunaren burbuilari «plop» egin eta aurrera begirako konexio horiek egiten asmatzen duenak, asko izango du irabazteko.