INFO

Martinek, Etxanizek eta Urrutiak hirugarren gradua dute azkenik eta Euskal Herrian izango dira

Aspaldi gaixotasun larria duen Txus Martini, EPPKren kide zaharrena den Sebas Etxanizi eta zigorra oso aurreratua duen Oier Urrutiari hirugarren gradua eman diete azkenik, auzitegietan luze borrokatu ondoren. Azken biak ere Euskal Herrira ekarriko dituztela erantsi du Espetxe Zuzendaritzak.

Txus Martinen askatasuna, gertuago, askotan aldarrikatu ondoren. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Jada aske den Gorka Fraile durangarra izan zen hirugarren gradua lortzen lehena, EPPK-k legearen bidetik abiatutako borrokan. Apirilean Xabier Agirrek, Jagoba Codok eta Fernando Alonsori ere horixe onartu zien Espetxe Zuzendaritzak, nahiz eta pandemiaren aitzakiaz gauzatzea atzeratzen joan den. Eta orain beste hiru presok lortu dute hirugarren gradua ere, bai eta espetxaldia Euskal Herrian izateko eskubidea ere. Gaur asteartean iragarri du Estatuko Espetxe Zuzendaritzak.

Hiru kasu horietatik bi larri-larriak ziren aspaldi. Duela urte asko arazo sikiko eta fisikoak ditu Txus Martin basauriarra nabarmentzen da; iaz bihotzeko ebakuntza egin zioten gainera. Asko kostata eskuratu du hirugarren gradu hau. Bere kasuan behintzat Euskal Herriko espetxea batean zegoen jadanik, Zaballan. Espetxe Zuzendaritzaren oharrak dioenez, Basaurin beteko du zigorra aurrerantzean, baina hirugarren graduan, kalera ateratzeko aukera izanik beraz.

Sebas Etxaniz elgoibartarraren egoera ere salatua izan da. EPPKren presoen artean zaharrena dugu, 76 urterekin, azkeneko bi hamarkadak ia osorik kartzelan emanda. Bigarren graduan egon arren, ez zizkieten tarteka kaleratzeko baimenak onartzen, eta ondorioz hirugarren gradura pasatzea ezinezkoa egin zaio orain arte; gradu progresioetarako jarritako oztopoen zentzugabekeriaren adierazlea da pasartea. Orain azkenik argi berdea izan du, eta Asturiaseko Villabonatik Martutenera ekarriko dutela ziurtatu dute.

Oier Urrutia da hirugarrena. Hamaika urte daramatza kartzelan eta zigorra oso aurreratua du beraz. Logroñoko espetxeko Batzordeak proposatua, hirugarren gradua eman diote berari ere eta Zaballara ekarriko dutela adierazi du Gobernu espainoleko espetxe arloko erakundeak.

Hiru hauek eta betetzeko pendiente diren lekualdatzeekin, laster zortzi izan daitezke Euskal Herriko espetxeetan diren euskal preso politikoak, gutxi-gutxi oraindik baina azken urte hauetan baino gehiago.