Jazzaldiko 15 kontzertu streaming bidez ikusi ahalko dira
Bihartik hasita, 12.30eko kontzertuak zein gaueko Trinitate Plazako emanaldi bikoitzak internet bidez jarraitu ahal izango dira, zuzenean. Horretarako Jazzaldiak prestatu duen YouTube kanalera sartu besterik ez da beharko. Aukera hau ematen duten lehen aldia izango da hau.
Bihar hasiko da Donostiako Jazzaldiaren 55. edizioa eta igandera arte luzatuko da. Ez da ohiko jaialdia izango, osasun egoerak guztiz baldintzatu baitu. Hala ere, ahalik eta jende gehienak gozatu ahal izateko baliabide berriak jarriko dituzte martxan.
Tartean, kontzertuetako batzuk zuzenean eskainiko dituzte internet bidez. Esaterako, egunero 12.30ean izango diren kontzertuak eta gauean Trinitate Plazan eskainiko dituzten emanaldi bikoitzak streaming bidez ikusi ahalko dira Youtubeko DonostiaJazz kanalean.
Jazzaldiak kontzertuak streaming bidez ematen dituen lehenengo aldia izango da. Horien artean izango dira aurtengo Donostiako Jazzaldia saria jasoko duten hiru artistak: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador.
Era horretara, Jazzaldiaz bi modutara gozatu ahal izango da: aurrez aurre eta etxetik, kontzertuetara joan ezin diren pertsonek kontzertuak ikusteko eta entzuteko aukera izan dezaten.
Hauek izango dira etxetik gozatu ahalko diren emanaldiak: uztailak 22an Jazz at Massey Hall (12.30), Colina, Carmona, Serrano, Berrueta: ‘Veinte veinte’ (21.00) eta Chano Dominguez Trio (22.30); uztailak 23an Anja Lechner & François Couturier (12.30), Oreka TX (21.00) eta Michel Porta New Quintet (22.30); uztailak 24an Salvador Sobral (12.30), Perico Sambeat Plays Zappa (21.00) eta Benavent di Geraldo (22.30); uztailak 25ean Jorge Pardo - Iñaki Salvador Quartet (12.30), Carles Benavent Trio (21.00) eta Mariza Canta a Amália (22.30); eta uztailak 26an Joachim Kühn pianista (12.30), Marco Mezquida (21.00) eta Rymden (22.30).