INFO

Nafarroako preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatzea eskatu du Foro Sozialak

Nafarroako preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatzen aurrerapausua izango litzateke, Foro Sozialaren arabera. Horrela adierazi du Nafarroako Gobernuak ‘Bizikidetzaren Liburu Irekia’ ekimenari egiondako ekarpenen aurkezpenean.

Teresa Fagoaga eta Fernando Armendariz, Foro Sozialak gaur Iruñean egin duen agerraldian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Joan den otsailean eta martxoan, Nafarroako Gobernuak ‘Bizikidetzaren Liburu Irekia’ delakoari ekarpenak egiteko prozesu bat ireki zuen, Nafarroako I. Bizikidetza Plan Estrategikoaren atari gisa. Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak, Bizikidetza Plan Estrategiko hau martxan jarri izana begi onez ikusten du eta Planaren helburua gure egiten dugu: ‘Berdintasunean eta askatasunean bizitzea Nafarroa demokratiko, plural eta askotariko batean’», nabarmendu dute Fernando Armendarizek eta Teresa Fagoagak Foro Sozialaren izenean.

«Nafarroako Gobernuak ekimen hau aurrera eramateko erakutsi duen borondatea, bat dator, joan den azaroan areto honetan bertan egin genuen diagnostikoarekin: Eragile instituzional, akademiko, politiko, sindikal eta sozial ezberdinen borondateak kontuan hartuta, euren nahiak eta xedapenak baloratuta, gure ondorioa argia da: legealdi honek Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko behar diren baldintzak biltzeko ahalbidetu beharko luke», gaineratu dute.

Gaur, planari egindako ekarpenaren berri eman du Foro Sozialak, alde batetik aurrerapausuak eman direla nabarmendu du. «ETAren armagabetze zibila eta desegitea gertatu dira; Estatuaren eta ETAren biktimen arteko topaketak egin dira Parlamentuko hemizikloan, eta horiek, eskuzabaltasun handiz jokatuz, elkarren arteko errekonozimendurako bide bat markatu digute; adostasun zabala lortu da biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioarako duten eskubidearen inguruan, baita ere Estatuaren biktimekiko oraindik dagoen diskriminazioa gainditzeko eskubidearen inguruan; imajinatu ezin den adostasuna lortu da preso dauden nafarren gaiaren inguruan eta oraindik dagoen salbuespen-politika gainditzeko eta espetxe-politika normalizatua aplikatzeko beharraren inguruan; torturaren biktimak aitortzeko lehen urratsa eman da Nafarroan torturatutako pertsonei buruzko lehen txostenarekin, 1960-1978 epeari dagokiona, eta, azkenik, garrantzitsuena, Nafarroako gizarteak, oro har, urrats sendoak eman ditu bizikidetzaren eraikuntzaren norabidean», azaldu du.

Halere, hainbat blokeo badagoela ere azpimarratu du Foro Sozialak. «Lehenengoa, biktimen ingurukoa. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen aurka errekurtsoa jarri da. Lege hau indarrean ez egoteak segurtasunik eza eragiten du biktimengan, eta aitortza-instituzionalean urrats erabakigarriak egitea eragozten du», gogoratu du.

«Bigarrena, memoria kritiko inklusiboari dagokionez, alderdien arteko ‘kontakizunaren batailak’ baldintzatu du. Kontakizunaren gaia noria bat bezala da: eztabaida legitimoa bada ere, argudio berberak errepikatzen dira behin eta berriz, eta kontakizunaren alorrean ezin da aurrera egin, gainerako gaietan urratsak ematea baldintzatzen duen bitartean. Hirugarrena, iraganeko logiketan ainguratuta dauden zenbait sektorek orain arte emandako aurrerapausoak baldintzatzen jarraitzen dute. Batzuek presio-lobby garrantzitsuak erabiltzen dituzte horretarako», gaineratu du.

Presoen egoera

«Gure ekarpenean baieztatzen dugun bezala, gure ustez, indarkerien zikloaren ondorio hau konpontzea, bizikidetza demokratikoari ekarpen garrantzitsua egitea litzateke. Presoaren auziaren konponbidea egungo errealitatera egokitutako espetxe-araudiaren aplikazio esklusibotik abiatzea planteatzen dugu, eragindako kaltearen aitortza kontuan hartzen duen ibilbide bat ezarriz», adierazi du Foroak.

Gauzak horrela, pandemia garaian Nafarroan ekimen interesanteak sortu direla nabarmendu du Foroak, Salhaketak, Sarek, Etxeratek eta Altsasuko Gurasoek bultzatutako SOS Presoak Covid-19 ekimena aipatuz. Alderdi politiko eta eragile sozial ugariren sostengua lortu duela azpimarratu du.

«Hala ere, uste dugu beharrezkoa, premiazkoa eta zentzuzkoa dela une honetan aurrerapauso bat ematea. Eusko Jaurlaritzak osasun-txosten batean oinarrituta proposatu duen bezala, komeniko litzateke Nafarroako Gobernuak, Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluarekin bat etorriz, eta covid-19aren pandemiaren ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, preso guztientzat hurbiltzeko plan orokor bat aurkeztea. Helburua, preso bakoitza familia ingurunetik hurbilen dagoen kartzelara hurbiltzea da. Eta Nafarroaren kasuan, horrek esan nahi du ohiko bizilekua, familia-ingurunea edo jatorria Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatu beharko liratekeela», aldarrikatu du.

«Bukatzeko, gure kezka adierazi nahi dizuegu: Azken hilabeteetan eztabaida katramilatu egin da Nafarroan eta, bereziki, Iruñean. Elkarren kontrako bi eremutatik tentsionatu da egoera, eta, gure ustez, arriskuan jarri ditu Nafarroan bizikidetza demokratikoaren alde eta konponbidearen erdiko erreia zabaltzearen alde emandako aurrerapausoak. Bi sektore hauen pisua parekatu nahi izan gabe, egia da kontrako poloak», erantsi du.