3, 2, 1… jazz!
Bere programazioa uztailerako iragarri zuen nazioarteko jazz jaialdi bakarra izan da Donostiakoa eta, zailtasun handiak gaindituta, ohiko datetan abiatu da asteazken honetan, nahiz segurtasun eta osasun neurri bereziekin. Dena dela, jazzak hartu du hiria, eta hori da inportanteena.
Egoerari desafio egin dio Donostiako Jazzaldiak eta erronka irabazi du: asteazken honetan hasi eta igandera arte ospatuko baita jaialdiaren 55. edizioa. Edizio berezia, dudarik gabe: pandemia ezin begi bistatik kendu eta antolatzaileek formatua ez ezik, gonbidatutako artisten perfila ere egokitu egin behar izan dute. Kursaaleko terrazetan dohain eskainiko diren kontzertuak bertako taldeen eskutik izango dira gehientsuenak.
Jorge Pardo saxofonistak eta Chano Dominguez eta Iñaki Salvador piano jotzaileek 2020 Jazzaldia saria jasoko duten edizio honek eguerdia pasatxo abiatu du programazioa. ‘Jazz at Massey Hall’ ikuskizunak Charlie Parker omendu du, bere jaiotzaren lehen mendeurrena betetzen denean. Victoria Eugenian izan da hitzordua, Perico Sambeat (saxoa), Voro García (tronpeta), Albert Sanz (pianoa), Toño de Miguel (contrabaxua) y Stephen Keogh (bateria) musikarien eskutik.
Zurriola hondartzako kontzertu handiak aurten egongo ez badira ere, programazioa indartsu dator aipatu terraza irekietan. Frigo gunea delakoa Randy Gree gaurko jazzaren ahots pertsonalenetakoa denak ireki du, giro ezinhobean. Gogoratu, eserlekuak mugatuak direla eta gehienez bi orduz egoteko aukera dagoela, ahalik eta jende kopuru handienera ailegatzeko.
Arratsaldeko programazioari dagokionez, Zurriolako terrazan arituko da Connection Trio (irudian). Musikenen formakuntza jaso duten ikasleak dira Aitor Bravo (tronboia), Jorge Fernandez (pianoa) eta Juanma Dominguez (kontrabaxua). Around Midnight (19.00etan Frigo gunean) eta Lina eta Raül Refree Victoria Eugenia antzokian (18.00etan), arituko dira, besteak beste, uztailaren 22 honetan. Programazioa osoa Jazzaldiaren gunean dago kontsultagai, egunez egun, edo agertokiz agertoki zein artistaz artista.
Chano Rodriguez, Jazzaldia saria
Eta kontzertuak kontzertu, estreinako egunaren protagonistetako bat izango da, dudarik gabe, Chano Dominguez (Cadiz, 1960) piano jotzailea, Trinitate enparantzan, 21.00etatik aurrera eskainiko duen kontzertuaren baitan jasoko du aurten emango diren Jazzaldia hiru sarietako bat. Hirukote moduan eskainiko du kontzertua Dominguezek, Horacio Fumero (kontrabaxua) eta David Xirgu (bateria) kideak alboan dituela.