Euskal presoen eskubideen aldeko aldarria errepidean da Izan Bidea bizikleta itzuliarekin batera
Ostegun honetan abiatu da Lekunberritik euskal presoen eskubideen aldeko Izan Bidea bizikleta itzulia. Sarek antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da. Lehen etapa Lekunberritik Hernanira bitartekoa izan da eta ostiralean Urduñatik Durangora abiatuko dira.
Goizeko 9.00etan Lekunberritik abiatu da Sarek antolatutako euskal presoen eskubideen aldeko III. Izan Bidea bizikleta itzulia. Betelu, Lizartza, Tolosa, Anoeta, Billabona, Andoain eta Urnieta igarota, Hernanin amaitu da aurreneko etapa, 12.30 aldera, aurreikusitako orduan.
Koronabirusaren pandemiagatik, neurri bereziak hartu dituzte eta txirrindulari guztiak musukoekin aritu dira pedalkadak eman eta eman.
Bagoaz Lekunberritik Hernanira! #IzanBidea #IbiltarienSarea pic.twitter.com/AeJdU4l8JA
— Sare #IzanBidea ↗️ (@sare_herritarra) July 23, 2020
Joxe Mari Agirretxek egin du itzulia hasi aurreko aurkezpena eta bertan nabarmendu du Sare duela sei urte jaio zela eta ordutik «isilpeko lan handia egin» duela eta «kontsensoa lortu duela Euskal Herriko jendartean».
«Konponbidea, bizikidetza, bakea eta etxera ere ekarri nahi ditugu preso eta erbesteratu guztiak», azpimarratu du.
Lekunberriko Jayan Jai pilotalekuaren aurretik hasi dute itzulia –Sarek zehaztu duenez, 80 pertsona inguru batu dira– eta Hernanira bitartean igarotzen joan diren herri guztietan beste zenbait txirrindulari tropelera batzen joan da. Guztira, 50 kilometroko ibilbidea egin dute.
#IzanBidea Andoaindik Hernaniruntz goaz pic.twitter.com/jlhHMiwuua
— Lasarte-Oria Sare #IzanBidea (@SareLasarteOria) July 23, 2020
Ostiral honetan bigarren etapa egingo dute Urduñatik Durangora bitartean (60 km). Hau ere goizeko 9.00etan hasiko da –Urduñako Foru plazan batuko dira txirrindulariak– eta, ondo bidean, 13.00ak aldera iritsiko dira helmugara.
Azken etapa larunbatean egingo dute, Basauriko espetxetik Bilbora.
Berez, Martutene, Zaballa eta Iruñeko espetxetik ere abiatzekoa zen itzulia, herrialde bakoitzeko hiriburaino, baina Sarek jakinarazi zuen, covid-19a azken egunetan izaten ari den eragina dela eta, azken eguneko ibilbidea etapa bakarrera murriztu behar izan dutela, «segurtasun baldintzak modu egokian betetzen direla ziurtatu ahal izateko»