INFO

‘Pumori’ eta ‘Mundu bat motxilan’ filmak proiektatuko dituzte Kanpezun

Alex Txikon alpinistaren gogoetak bildu zituen Unai Ormaetxeak ‘Mundu bat motxilan’ liburuan. Izen bera daraman filma proiektatuko dute bihar gauean. Ostiral honetan, berriz, ‘Pumori. Mendiaren alaba’ ikusi ahalko da, Suku Maya neskatoa eta Pumori mendian hil ziren gazteen inguruko harremana erdiguenan duena.

Ibernaloko landetxearen aparkalekuan egingo dituzte proiekzioak. (NAIZ)

Arabako Mendialdea eskualdean mendizaletasuna eta bestelako jarduerak sustatzeko asmoz, Kanpezuko Ibernaloko landetxeak, SUA Edizioak argitaletxearen laguntzaz garatzen dituen ekimenen barruan, gaur eta bihar, Alex Txikon alpinistak eta Unai Ormaetxea idazleak aurkeztu eta komentatuko dituzten mendiko dokumentalak proiektatuko dira.

Emanaldiak 22.30ean izango dira, eta kalitate handiko irudi eta soinu ekipamenduarekin egokituko da lekua. Horrez gain, gerturatuko direnentzat aulkiak dituen gune bat eta lurrean eseritzeko beste espazio bat prestatu dira.

Gaur gauean ‘Pumori, mendiaren alaba’ proiektatuko da, mendi hartan jazo zen 5 gazte gipuzkoar eta nafarren heriotzaren eta Suku Maya neskato nepaldarraren bizitzaren arteko erlazioaz aritzen den dokumentala. Bihar, berriz, ‘Mundu bat Motxilan. Alex Txikonen menditazioak’ filma egongo da ikusgai. Unai Ormaetxeak idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta dago eta Himalayako zortzimilako igoeretan Alex Txikonek izandako hausnarketei buruz hitz egiten du. Bi ekoizpenak euskarazko jatorrizko muntaiak dira.


Covid19 gaitzak sortutako egoera dela eta, agintariek ezarritako segurtasun-neurriak mantenduko dira. Era berean, zinema-emanaldia Ibernaloko landetxearen instalazioen aparkalekuan egingo denez, bertara ibilgailuz sartzeko modua aparkalekuaren inguruan erregulatuko da.