INFO

Arkaitzerrekako isurketagatik isunak jarri dizkio GHK-k erraustegiaren kontzesiodunari

Arkaitzerreka maiatzean izan zen amoniako isurketarengatik (ehunka arrain hil zuena) 45.000 euroko isunak jarri dizkio GHK-ko Batzarrak Zubietako erraustegia gestionatzen duen Ekondakin enpresari.

Arkaitzerrekan maiatzean hildako arrainak. (@AgurtzaneSola)

GHK-ko (Gipuzkoako Hondakinden Kudeaketa) Batzarrak erabaki du zigorrak ezartzea Ekondakin enpresari, Zubietako erraustegiaren kontsezioa duen enpresari. Erabakia gaur egindako Batzarrean hartu da, maiatzean irekitako informazio-espedientearen esparruan, instalazioetatik hurbil dagoen erreka batean isurketa bat detektatu ondoren. Orotara, 45.000 euroko isunak ezarri ditu.

Arkaitzerrekan izandako isurketak ehunka arrain hil zituen eta Zubietako erraustegitik bota zen amoniakoan izan zuela jatorria ondorioztatu zuen Usurbilgo Udalak egindako ikerketak.

GHK-k eskatutako txosten tekniko eta juridikoen arabera, hiru arau-hauste gertatu dira, eta horien erantzulea sozietate emakidaduna da honako hauek direla-eta: arau-hauste larri bat, 25.000 euroko isuna jarriko da, amoniako-isuriaren berri ez emateagatik; arau-hauste arin bat, 10.000 euroko isuna jarriko da, kubetaren diseinuaren aldaketaren berri ez emateagatik; eta arau-hauste arin bat, 10.000 euroko isuna jarriko da, pH metroa matxuratuta zegoela ez egiaztatzeagatik.

Zigor horiek «bateragarriak dira» eragindako kalte-galerak ordaintzeko betebeharrarekin, bai eta agintari eskudunek aplika ditzaketen gainerako erantzukizunekin ere, txostenaren arabera.

Era berean, txosten juridikoak adierazten du «ez dela nahita egiten; ez-betetzeek ingurumen-kaltea eragin dute, eta administrazio batzuk ikertzen ari dira. Horren aurrean, beharrezko neurri zuzentzaileak hartu dira, GIG-1 zentroaren ohiko funtzionamendua oztopatu gabe. Era berean, ez da denboran behin eta berriz egin den jarduera, horrelako lehen istripua baita, eta, une oro, jarraibideei jarraitu zaie, eta Uraren Euskal Agentziak gertatutakoaz ohartarazi ondoren, administrazio kontratatzailearen eskaerei erantzun zaie».