INFO

Pablo Agüeroren eta Antonio Mendez Esparzaren lanak Sail Ofizialean lehiatuko dira

Zinemaldiak aurtengo edizioan parte hartuko duten Estatu espainolean ekoiztutako lanak aurkeztu ditu. Horien artean bi Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira: Pablo Agüeroren ‘Akelarre’ eta Antonio Mendez Esparzaren ‘Courtroom 3H’. Bi horietaz gain, Rodrigo Sorogoyenen ‘Antidisturbios’ telesaila ere Sail Ofizialen baina lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango da.

‘Akelarre’ filmaren fotograma bat. (NAIZ)

Pablo Agüeroren ‘Akelarre’ eta Antonio Mendez Esparzaren ‘Courtroom 3H (sala del juzgado 3h)’ filmak Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira. Bestalde, Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo Rodrigo Sorogoyenen ‘Antidisturbios’ lana proiektatuko da, baita Aitor Gabilondoren ‘Patria’ telesailaren parte bat ere.

Pablo Agüero argentinarra Sail Ofizialean izan zen 2015ean ‘Eva no duerme’ lanarekin. ‘Akelarre’ bere bigarren saiakera izango da, euskaraz eta gazteleraz grabatutako filma. Amaia Aberasturi eta Alen Brendemühl aktoreak dira protagonistak; Euskal Herrian grabatuta, drama historiko bat da XVII. mendeko sorginkeriaren auzia erdigunean kokatzen duena.

Antonio Mendez Esparza Zinemaldian 2012an (‘Aquí y allá’) eta 2017an (‘La vida y nada más’) izan zen oso kritika onak jasoz. ‘Courtroom 3H’ ez fikziozko luzemetraia da adin txikikoak epaitzen dituen Floridako tribunal batean kokatutakoa.

Rodrigo Sorogoyen Sail Ofizialean erakutsi zituen ‘Que Dios nos perdone’ (2016) eta ‘El reino’ (2018) lanak. Oraingoan Movistar+ plataformarako egin duen sei ataleko ‘Antidisturbios’ telesaila aurkeztuko du. Vicky Luengo, Raul Arevalo, Alex Garcia, Hovik Keuchkerian, Roberto Alamo, Raul Prieto eta Patrick Criado aktoreek hartzen dute parte ekoizpenean.

Aitor Gabilondoren ‘Patria’ ere telesaila da, zortzi atalekoa eta HBO Europe plataformarako egina kasu honetan. Fernando Arambururen eleberrian oinarritzen da eta Euskal Herriko gatazkaren inguruan aritzen da.

Horiez gain espainiar Estatuan ekoiztutako beste film batzuk ikusi ahal izango dira 68. Zinemaldian. Esaterako, Woody Allenek Sail Ofizialean eta lehiaketatik kanpo ‘Rifkin's festival’ aurkeztuko du. 

New Directors sailean David Perez Sañudok ‘Ane’ aurkeztuko du, bere lehen film luzea, ama eta desagertutako alabaren arteko komunikazioaz aritzen dena. Bestalde, Isabel Lambertik ‘La última primavera’ aurkeztuko du, Madrileño Cañada Real zonaldean kokatutakoa.

2011an Zinemira Saria irabazi zuen Imanol Rayok bere bigarren lana aurkeztuko du, ‘Hil kanpaiak’, Miren Gorrotxategiren ‘33 ezkil’ eleberrian oinarritutako istorioa.

Zabaltegi-Tabakaleran Juan Cavestanyren ‘Un efecto óptico’ filma eta Carla Simonen artean sortutako ‘Correspondencia’, Marina Palacioren ‘Ya no duermo’ eta Laida Lertxundiren ‘Autoficción’ laburrak proiektatuko dira.

Perlak sailean Maite Alberdiren ‘El agente topo’ pelikula ikusi ahal izango dugu Sundanceko dokumentalen sailean estreinatu ostean. 83 urteko gizon bat du protagonista, helduentzako egoitza batean espia moduan infiltratzen dena.

Azkenik, Carlos Sedesen ‘El verano que vivimos’ drama erromantikoaren emanaldiberezi bat eskainiko du Zinemaldiak.