INFO

Nestor Basterretxearen inguruko argazki-lehiaketa Instagramen

Donostian ikusgai dagoen ‘Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez’ erakusketaren inguruan Instagramen argazki lehiaketa antolatu du Kutxa Kultur Arteguneak. Bertan zintzilikatutako erretratuak abiapuntua hartuta, artista handi honen lana publikoari zabaldu nahi zaio.

Basterretxeak hurbileko modeloak erabili zituen, batez ere bere familikoak. (NAIZ)

‘Erretratuak eta tipoak’ argazki-lehaiketaren deialdi honekin gai honi buruz Nestor Basterretxeak egindako lanetan inspiratzea proposatzen du Kutxa Kultur Arteguneak. Horretarako, Donostiako Tabakaleran kokatutako aretoan ikusgai dauden lanak inspirazio iturri bihurtu nahi ditu Instagram sare sozialean burutuko den lehiaketan. #Erretratuaketatipoak eta #NestorBasterretxea traolak erabiko dituzte horretatarako.

Argazkiak bidaltzeko epea abuztuaren 24tik irailaren 6ra kokatu da eta sariak xumeak dira baina interesgarriak, era berean; erakusketaren bi katalogo banatuko baitira irabazleen artean.

Nestor Basterretxeak hurbileko modeloak erabili zituen: bere familia eta seme-alabak, Irunen Frantzia etorbidean zuen estudio-tailerrera joaten ziren pertsona ezagunak. Irudi horiek edertasuna goresten dute, sublimearen kategoriara hurbilduz, auraren irudikapena hori izango balitz bezala, distira bat, dirdira iheskor bat.

Irudi horietan, koloretan zein zuri-beltzean, begirada zinematografiko argia ere badago.

Nestor Basterretxea artista emankorra izan zen, modernitatearen oinordeko baten erabakitasunez arte guztietan jardundakoa. Lehenik margolari, 1960an eskulturara igaro zen. Euskal zinemaren aitzindari ere izan zen, diseinu industrial eta grafikoa landu zuen, arkitektura ezinezkoekin amets egin zuen, idatzi eta argazki ugari ere egin zituen.

Hain zuzen ere, ‘Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez’ erakusketak, Peio Agirrek komisariatuak, ekarpen berri bat izan nahi du, artistaren argazki- eta film-lana lehen aldiz zehatz-mehatz ezagutzera ematen duena.

Merezi bezala goza dezagun, urriaren 12ra arte luzatu dute erakusketa, gainera. Asteartetik igandera bisita dezakezu daiteke ordutegi berrian, 12.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara.