INFO

Perlak Saila Kiyoshi Kurosawak inauguratuko du, ‘Wife of a Spy’ filmarekin

Zinemaldiko Perlak sailean izango diren bederatzi lanen artean beste zinema-jaialdi batzuetan (adibidez, Cannes, Venezia, Deauville eta Sundance) hautatutako lanak daude. Perlak sailak Yoon Dan-bi eta Florian Zeller zuzendarien lehen lanak ere erakutsiko ditu.

‘Wife of a spy’ filmaren irudi bat. (NAIZ)

Kiyoshi Kurosawaren ‘Wife of a Spy’ filmak irekiko du Perlak saila. Donostiako Zinemaldiaren 68. edizio honetan nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan hautaturiko bederatzi film bilduko ditu: Cannes, Venezia, Deauville eta Sundance, besteak beste.

Perlak sailean askotariko esperientzia duten zinemagileak lehiatuko dira, hala nola Maite Alberdi, Michel Franco, Eliza Hittman, Phyllida Lloyd, Maïwenn eta Susanna Nicchiarelli, eta Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratu ahalko dute; halaber, hasiberriek ere hartuko dute parte, hala nola Yoon Dan-bik eta Florian Zellerrek.

Perlak irekiko duen filma hur-hurreko Veneziako Mostran lehiaketa ofizialaren parte da. Kiyoshi Kurosawa (Kobe, 1955) beteranoa ‘Wife of a Spy’ filmarekin lehiatuko da, kutsu epikoak dituen drama batekin; Aoi Yu eta Takahashi Issey aktoreak dira protagonista nagusiak II. Mundu Gerra piztu aurreko gauean hasten den film horretan.

Japoniako zuzendaria ohikoa da Cannesko eta Veneziako zinema-jaialdietan, baina Donostian ere parte hartu izan du ‘Tokyo Sonata’ (Perlak, 2008), ‘Shokuzai / Penance’ (Zabaltegi-Bereziak, 2012) eta ‘Akarui Mirai / Bright Future’ filmekin, Japoniako zinema independente berria 2000-2015 eta Japonia beltzean atzerabegirakoetan ere parte hartu zuela alde batera utzi gabe.

Michel Franco (Mexiko Hiria, 1979) Donostiara itzuliko da ‘Nuevo orden / New Order’ lanarekin Italiako zinema-jaialdian parte hartu ondoren. Film horretan, errebolta sozial batek bide ematen dio estatu-kolpe bortitz bati, zeina emakume gazte eta solidario baten ikuspegitik eta haren familia aberatsaren alde lan egiten duten morroien ikuspuntutik ikusten den. Zuzendari, gidoilari eta ekoizle mexikarra ohikoa da Cannesko Zinema-jaialdian eta Horizontes Latinos Sailean; izan ere, ‘Daniel y Ana’ (2009), ‘Después de Lucía’ (2012), ‘Chronic’ (2015) eta ‘Las hijas de abril’ (2017) filmak erakutsi zituen Horizontes Latinosen.

Mostrak bere lehiaketan estreinatuko dituen eta geroago Donostian ikusi ahalko diren hamaika lanetako beste bat Miss Marx dugu; bertan, Karl Marxen alaba Eleanorren –feminismoaren eta sozialismoaren gaiak lotu dituen lehen emakumeetako baten– maitasun-istorio grinatsu baina tragikoa kontatzen zaigu. Susanna Nicchiarelli (Erroma, 1975) zinemagileak haren bizitza egokitu du zinemarako, ‘Cosmonauta’ (2009), ‘La scoperta dell’alba / Discovery of Dawn’ (2012) eta ‘Nico, 1988’ (2017) obrekin golardo ugari jaso ondoren; izan ere, ‘Nico, 1988’ lanak Film Onenaren Saria eskuratu zuen Veneziako Orizzonti sailean.

Halaber, Donostia Zinemaldiak Maïwennen (Les Lilas, 1976) bosgarren film luzea –‘ADN / DNA’– ere emango du, Deauvilleko Zinema-jaialdian estreinatu eta berehala; izan ere, pandemiaren eraginez azkenean bertan behera utzi behar izan zen Cannes 2020ko hautaketaren parte gisa eman dute filma Deauville. ‘Polisse’ (2011) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Saria irabazi zuen aktore eta errealizadore frantziarrak zuzendu eta antzeztu du Mathieu Demyrekin batera idatzitako film berria, aitona hil ondoren nortasun-krisi bat pairatzen duen emakume bati buruzkoa. Fanny Ardant eta Louis Garrel aktoreek ere parte hartu dute.

Beste batzuetan estreinatutakoak

Aurrez beste lehiaketa batzuetan estreinatu diren film luze gehiago ere izango ditugu Perlak Sailean, hala nola Phyllida Lloyden (Bristol, 1957) britainiarraren Herself; ‘Mamma Mia!’ (2008) eta ‘The Iron Lady’ (2011) ere zuzendu ditu Lloydek. Aurreko Sundance Zinema-jaialdian emana, drama horrek Clare Dunne aktoreak –gidoiaren idazketan ere parte hartu zuenak– antzezturiko ama gazte ezkongabe baten gorabeherak kontatzen dizkigu; Dunneren pertsonaiak mutil-laguna utzi eta higiezin-sistema ustelaren aurkako borroka hasiko du.

Never Rarely Sometimes Always filmak, hots, Eliza Hittman (New York, 1979) estatubatuarraren hirugarren lanak, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Berlingo azken Zinema-jaialdian. Zuzendariaren obra berriak Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen Sundancen ‘Beach Ratsekin’ (2017), eta Pennsylvaniako landa-eremuan bizi diren bi neraberen irudikapen intimo gisa deskribatzen da, nahi ez duten haurdunaldi batek ustekabeko bidaia bat egitera behartuko ditu bi pertsonaiak.

Halaber, Sundancen erakutsi zen jada iragarri dugun (zehazki, nazioarteko dokumentaletarako lehiaketatik) ‘El agente topo / The Mole Agent’, proiektu fasean 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI Saria irabazi zuena. Filmaren egileak –Maite Alberdi (Santiago, 1983) txiletarrak– zahar-etxe batean espioi sartuko den 83 urteko alargun baten istorioa kontatzen digu.

Bestalde, Florian Zeller (Paris, 1979) eleberrigile eta antzerkigile frantziarrak The Father antzezlanarekin debutatu du zuzendari gisa; izen bereko bere antzezlanaren egokitzapen honetan, alabak ipintzen dizkion erizain guztiak baztertzen ditu bakarrik bizi den gizon zahar batek. Anthony Hopkins (Donostia Saria, 1998) eta Olivia Colman (‘The Favourite’, 2018) –Emakumezko Aktore Onenaren Oscar Sariaren irabazlea– dira Sundancetik igaro zen eta Toronton izango den film berri honen protagonista nagusiak.

Perlak Sailean aurkeztuko diren beste opera prima –azkena– Yoon Dan-bi (Gwangju, 1990) hegokorear gaztearen ‘Nam-mae wui Yeo-reum-bam / Moving On’ da. Filma Busango Zinema-jaialdian estreinatu zen. Gainera, Rotterdameko zinema-jaialdian ‘Bright Future’ saileko film onenaren saria jaso zuen udan aitonaren etxera bizitzera doazen bi anai-arrebaren istorio honek.

Perlak Estatuan eman ez diren eta kritikak txalotu eta/edo nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan saritu dituzten urteko film luzeen sorta da. Lan guztiek Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko aukera izango dute, zeinak bi golardo barne hartzen dituen: Film Onena (50.000 euro) eta Europako Film Onena (20.000 euro).