Covid19-ko kasu bi agertu dira Bidarteko Ramuntxo adinekoen egoitzan
Bidarteko Ramuntxo adinekoen egoitzako bi egoiliar positibo eman dute Covid 19an. Kasuak abuztuaren 25ean detektatu ziren, eta bi pertsonak ospitaleratu behar izan zituzten. Egoitza munizipala da eta Herriko Etxeak jakinarazi duenez osasun protokoloa martxan jarri zuten agerraldiaren ostean.
Emmanuel Alzuri auzapezak jakitera eman duenez Ramuntxo adinekoen egoitzan koronabirus kasu bi atzeman zituzten joan zen asteburuan.
Bidarteko alkateak zehaztu duenez, bi koronabirus kasuak «lehen sintomak agertu bezain laster» atzeman zituzten. Kutsatutako bi pertsonak berehala isolamenduan jarri zituzten.
Bi egoiliarrak Baionako ospitalean artatu zituztela azaldu du Alzurik. Kasuak baieztatu ondoren osasun protokoloa martxan jarri zen egoitzan.
Hartara, hainbat neurri hartu dituzte balizko kasu berriak atzemateko eta batez ere kutsatze gehiago saihesteko. Hala, egoiliarrak beren geletan egoten dira eta jangela amankomuna itxi dute.
Horrekin batera bisitak debekatu dituztela baieztatu du Bidarteko auzapezak "Sud-Ouest" egunkariari eginiko adierazpenen bidez.
Alzurik gaineratu duenez, Eskualdeko Osasun Agentziaren laguntzaz adinekoen egoitzan testak eginen dituzte heldu den astean.
Covid19az kutsatu diren bi egoiliarrekin «kontaktu azkarra» izan zuten hainbat langileri dagoeneko probak egin zizkiotela azaldu du auzapezak.
Zehazki, testa egin diete bi erizaini eta zaintzaile bati, zentro horretan frogak orokortu aurretik.
Koronabirusaren zirkulazioa azkarki handituz joan da azken asteetan Hexagonoan, eta Pirinio Atlantikoetako departamendua arrisku ertaineko gune gisa agertzen da jada Frantziako agintari sanitarioen mapan.
Kasuen kopurua sei aldiz biderkatu da azken hiru asteotan Akitania Berrian, Ipar Euskal Herria barne hartzen duen eskualdean turista asko biltzen diren garai honetan.