INFO

Abian da Ormaza Kontserbak Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeko prozesua

Gasteizko Gobernuak Bermeoko Ormaza Kontserbak fabrika Babes Ofizialeko Kultur Ondasun izendatzeko prozesua hasi du, Monumentu kategorian. Babes-proposamenaren arabera, fabrika eraikitzeak «inflexio-puntu bat eragin zuen, ordura arteko itxura tradizionaletik estilo ‘modernora’ igaro baitzen».

Ormaza Kontserbak fabrika. (NAIZ)

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) ostiralean argitaratu zuen Bermeoko Ormaza Kontserbak fabrika Babes Bereziko Kultur Ondasuna, Monumentu kategorian, deklaratzeko prozesuari hasiera ematen dion ebazpena. Interesdunek 20 eguneko epea izango dute, argitaratu zenetik, alegazioak aurkezteko.

Eraikuntza Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeak 1942an altxatako eraikin honen balio kulturalak aitortuko ditu, ikuspuntu historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik, baina baita balio artistiko, tekniko eta arkitektonikoaren ikuspegitik ere. Babes-proposamenean jaso denez, «fabrika hau eraikitzeak inflexio-puntua eragin zuen ordura arte eraikitako kontserba-fabriken aldean, ordura arteko itxura tradizionaletik estilo ‘modernora’ igaro baitzen».

Babes-proposamenak eraikinaren kultur balioak jaso ditu, azalduz «garrantzi berezia ematen diotela eraikinari» eta monumentu interesgarritzat dutela, «aintzat hartzekoa eta belaunaldien artean transmititzekoa».

Besteren artean, kontuan hartu dituzte arraina eraldatzeko eta kontserbatzeko prozesuak Bermeori ekarri zion iraultza berezia –ikuspuntu historiko, ekonomiko eta antropologikotik– edota eraikinaren tipologia arkitektonikoa aldatzea –izan ere, modu horretan, Bermeoko kontserba-industria Mugimendu Modernoaren aroan sartu zen–. Balio kultural, artistiko eta arkitektonikotik begiratuta, aintzat hartu dituzte arkitektura-lerro arrazionalistak eta funtzionalak, «elementu ikonografikoak eta nolabaiteko monumentaltasuna uztartzen dituztenak», eta baita sinpletasuna eta funtzionaltasuna uztartu izana eta eraikina altxatzeko erabilitako materiala ere –adreilua, lehen industria-iraultzaren garaia gogorarazten duena; eta hormigoia, garairako material modernoa–.

Eraikina

Ormaza Kontserbak-en eraikina Bermeoko hirigune historikoaren hego-mendebaldean dago, Askatasuna Bidea kalean. Enpresa Ruperto Ormazak sortu zuen 1923an; bere seme Anton Ormaza izan zen, beranduago, 1941ean, enpresaren ardura hartu zuena. Urtebete geroago, balizko babes horren xede den eraikina egin zen, Pedro Ispizua arkitektoaren eskutik, ordura arte eraikitako kontserben lerroa hautsiz.

Bermeon bertan jaioa 1895ean, Ispizua euskal arkitekturaren «ordezkaririk erakargarrienetako bat» izan zen XX. mendean, Elias Mas Serra arkitekto eta idazlearen iritziz. Haren ustez, Pedro Ispizuaren arkitekturak «izaera eklektikoa» du, eta arkitektura-mota hori «nekez gaindi daitekeen obra da, denboraren eta gaien aldetik duen hedaduragatik eta bere proposamenen kalitate formalagatik».

Eraikinak programa mistoa dauka (industria eta bizitokia), eta horrek ekonomia familiarraren izaera nabarmentzen du. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zenaren (gaur egun desagertuta dago) gelaurreari dagokion bolumen erantsiak multzo bat osatzen dute, eta multzo horrek hegoaldera ematen du, orain Askatasun Bidea deitzen den kalerantz. Nabea beste bi bolumenen atzealdeko fatxadari zegoen atxikita, eta orubearen amaieraraino heltzen zen. Gaur egun, nabea bota egin denez, leku asko geratu da hutsik orubean.

Ormaza fabrikaren eraikina kalearen morfologiara egokitzen da, haren kokapeneko kurbadura indartuz. Izan ere, eraikin irregularra da, izkinan eraikita balego bezala, eta horrek balio erantsia eta handiagoa ematen dio obrari. Elementu urbanoa formen bidez sustatzeari eta estimulatzeari buruz, hauxe dio Amaia Apraiz historialariak: «Hori da fabrika honek Euskadiko Arkitekturaren Historiari egindako ekarpen handienetakoa».