«Esperantza daukagu Servinik Martin Villa prozesatuko duela»
Josu Ibargutxi Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren euskal plataformako kidea pozik da azkenean Rodolfo Martin Villari deklarazioa hartuko diolako Maria Servini epaile argentinarrak. Edonola, gaurko eguna iristeko urte luzeak behar izan direla gogoratu du Naiz Irratian.
This browser does not support the audio element.
Bada, prozezu luze honen nondik norakoak azaldu dizkigu Ibargutxik. 10 urte egin behar dugu atzera lehen pausuei begiratzeko. «10 urte dira kereila martxan jarri zela Argentinan eta gu geu handik urtebetera hasi ginen estatu mailako mugimendu batzuk egiten. 2012an joan ginen lehen aldiz Argentinara lau lagun, epailearekin egotera». Ondoren, 2014ean, Servini estatu espainiarrean izan zen. Ibargutxik dio jende askok argi pixka ikusi zuela inpunitatearekin amaitzen hasteko.
Parean, ordea, estatu espainiarraren oztopoekin egin du topo behin eta berriro epaile argentinarrak. Azken hilabeteetan, berriz, koronabirusak baldintzatu du prozesua, gaur arte.
Martin Villaren deklarazioaren harira, bizirik dauden Estatu espainiarreko presidente ohi guztiek, baita UGT eta CCOO sindikatueko buru izandako hainbatek, gutunak igorri dizkiote Servini epaileari, ministro frankista ohiaren aldeko mezuekin. Ez da gehiegi harritu Ibargutxi. Gutun hauekin 78ko erregimena sendotu nahi dutela dio, trantsizioa deiturikoa zalantzan jartzerik ez dutela onartzen. Edonola, frankismoaren inpunitatearen aurka mugimendu «nahiko sendoa» sortu dela uste du eta nazioartean ere frankismoa epaitzeko beharra aldarrikatu dela.
Gaurko deklaraziorik, gutxienez, Martin Villaren prozesamendua espero du Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren euskal plataformako kideak.