INFO

Iruñerrira heldu da Mikel Barriosen aldeko txirringa martxa

Mikel Barriosen egoera salatzeko gaur goizean Iturgoiendik atera den txirringa martxa Iruñerrira heldu da eguerdian. Arrosadia auzoan ekitaldia egin eta gero Alduderaino joango dira. Igandean Mont de Marsan espetxeraino helduko dira txirrindulariak.

Mikel Barriosen aldeko bizikleta martxa Iturgoendik abiatu da. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Iturgoiendik abiatu da gaur goizean Mikel Barriosen egoera salatzeko igandean Mont de Marsango espetxean amaituko den txirringa martxa. Barriosen sorlekua da Iturgoien eta eguerdirako Iruñerrira heldu da martxa, Sanduzelai auzora. Arratsaldean Barrios errotu zen Arrosadia auzora helduko da.

Iturgoiendik Etxauri mendaterako bidea hartu dute. Aldapa gogorrari aurre egin eta mendatea gainditu eta gero, Etxauri herrira heldu dira. Bertan, Barriosi elkartasuna adierazten zion pankarta batek. Txirrindulariek ere animoak jaso dituzte.

Iruñerria utzita, Aldudera helduko dira txirrindulariak gaur. Bihar, berriz, Itsasuraino joango dira. Lapurdiko herri honetan bizi zen Barrios atxilotu aurretik. Bertan bazkaldu eta gero Lahontan herrian amaituko da etapa. Iganderako martxan honen azken etapa izango dute Mont de Marsango espetxeraino. Kartzela honetan dira ere Aitzol Etxaburu, Ibon Goieaskoetxea, Xabier Goienetxea, Luis Iruretagoiena, Fermin Martinez, Ander Mujika, Iñaki Reta, Ekaitz Sirvent, Igor Suberbiola eta Josu Urbieta.

Bost urteko espetxe zigorra betearazteko kartzelaratu zuten Barrios joan den ekainean. Ipar Euskal Herriko eragile ugarik lagunduta sartu zen espetxera. Izan ere, egungo garaietan horrelako zigorra jasotzea zentzugabea dela nabarmendu zuten.