Ertzaintza Elorrioko AHTren obretako makina batean piztutako sutea ikertzen ari da
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Elorrioko obretako makina bat igande honetan kiskali zuen sutea zergatik piztu den ikertzen ari da Ertzaintza, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duenez.
Sua igandeko lehen orduan piztu zen Elorrioko Iguria auzoan eta Iurretako suhiltzaileek itzali zuten. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da eta hipotesi guztiak zabalik ditu.
Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak Efe albiste agentziari baieztatu dionez, Elorrion erre den makina zulatzailearekin batera, likido sukoia aurkitu dute, eta, ondorioz, sutea eragin zuten hipotesiarekin lanean ari dira ikertzaileak.
Itxaso, Iturgaiz eta Cebeken gaitzespena
Hala ere, oraindik ez dakite sutearen jatorria, baina Denis Itxaso Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak berehala salatu du «erasoa» euskal gizartearen garapenerako «funtsezkoa den azpiegitura bati boikota egiteko saiakera» izan dela.
Itxasoren ustez, «onartezina» da «indarkeriazko metodoak» erabiltzea, eta, zentzu horretan, «Espainiako Gobernuak Euskadin bultzatzen eta finantzatzen duen proiektua amaitzea» eragotzi ezin izango dutela nabarmendu du.
Carlos Iturgaiz PP eta Cs talde parlamentarioko presidenteak ere berehala atera da sutea gaitzestera. «AHTren aurkako atentatua» gaitzetsi egin du eta «Bilduren munduak, gaitzetsi beharrean, enpresei eraso egin eta garapena galtzea txalotu» egin duela salatu du.
Bizkaiko Cebek patronaleko idazkari nagusia ildo beretik mintzatu da eta ustezko «erasoa» gaitzetsi du.