Ahotsenea Durangotik kanpoko hiru plazetara zabalduko da
Pandemiaren eraginez, Durangoko Azokan egiten ohi diren musika aurkezpenak eta literatura solasaldiak erabat murriztuko direnez (%50 musikakoak, %80 literaturakoak), beraien lanak erakutsi ezinik geratuko diren sortzaileei irtenbidea eskaintzeko, Durangotik kanpoko hiru plazetara zabalduko da aurtengo Ahotsenea paralelo antzekoa.
Aurreko urteekin alderatuta, 2020ko Durangoko Azoka ez da beti ezagutu izan dugun elkargune jendetsu eta bizia izango. Osasun neurriek behartuta, eta kontuan izanik egunetik egunera gauzak aldatzen doazela, malgutasuna behar dute izan bidelagun euskal kulturaren topagunerik handiena kudeatzen dutenek.
Horren adibide, Bilbon gaur goizean Miren Narbaizak, sortzaileek kudeatzen duten Ahotsenearen koordinatzailea; Nerea Mujikak, Gerediagako elkarteko presidentea eta Azokaren arduraduna; eta Eneko Aldai, Araba Euskaraz 2020ren programazio lantaldeko kideak, iragarri duena argitaletxeen ordezkari eta sortzaile ugarien aurrean.
Zifrak latzak dira, egia esan, egitarauaren zati handi bat bertan behera geldituko delako hartu beharreko segurtasun neurrien eraginez. Aurrez aurrekoen murrizketa horren zati handi bat Ahotseneari dagokio. Aurreko urteetan, batez beste, 70 bat zuzeneko musika aurkezpen eta 40 bat solasaldi antolatu izan dituzte.
Pandemiapeko edizio honetan 8 solasaldi eta 35 bat zuzeneko musika aurkezpen baino ezin izango dituzte eskaini. Hau da, guztira, ohiko literatura solasaldietatik %20 eta musika kontzertuen erdia besterik ez dira egin ahal izango, gaur egungo aurreikuspenen arabera.
Horri aurre egiteko, Ahotsenea beste hiru plazetara zabalduko da aurten; alegia, Literaturia, Araba Euskarazen eta aurreratu ez duten hirugarren sormen jaialdi bat. Antza, azken honi dagokionez, lotuta dago baina azken uneko arazoengatik ezin izan da jaialdi horren partaidetza ezagutzera eman.
Nerea Mujika pozarren azaldu da, Ahotseneak, esan duen bezala, «Azokaz haratago hartu duen bideaz» jabeturik. Azoka luzatu eta zabaldu egingo da ekimen honekin, Gerediaga elkarteko lehendakariaren hitzetan. «Azoka hasieratik izan da makinatxo bat, herri eta kultur ekimenez bultzatuta. Euskal Idazleen elkartea sortu zen bertan», gogorarazi du.
Zarautz, Amurrio eta toki ezezagun bat
Horrela, udazkenean antolatutako diren zenbat ekimenetan Ahotseneak plaza aurkitzea izango da Azokan lanak erakutsi ezinik geratu daitezkeen sortzaileentzat. Bat Zarautzen irailaren 25etik 27ra burutuko den Literaturia jaialdia izango da. Irailaren 26an, egun osoz, Ahotseneak liburu berrien aurkezpen solasaldiak egingo ditu.
Bestea, Araba Euskarazen barnean kokatuko da. Amurrion egingo da, urriak 18an, eta Arabako ikastolen jaia bere osotasunean bertan behera utzi badute ere, Ahotsenearekin aurretik lotutako ekitaldia berezia mantenduko da. Horrela, zortzi musika taldek aukera izango dute beraien lan berriak zuzenena.
Eta aurki hirugarren plaza bat aurkeztuko dute. Hitzartuta omen dago, sortzaileen jaialdi bat da baina azken orduko arazoengatik ez dute mementoz ziurtatu.
Izen ematea
Beraz, Ahotsenean parte hartzeko izen-ematean plaza berri horrek kontuan hartu beharko dute beraien lanak Azokan aurkeztu nahi dutenek. Izen-ematea irailaren 14an zabalduko da goizeko 9etatik aurrera www.ahotsenea.eus webgunean.
Norbere arloari dagokion hiruna plaza izango du; idazleek Literaturian, Azokan bertan eta momentuz ezezaguna den jaialdian; eta musikariek Araba Euskarazen, Azokan eta hirugarren jaialdi horretan.
Lehentasunen arabera aukeratu beharko dute zein plazetan egon nahi duten.