INFO

Zinema esperimentalaren gaineko ‘Zin ex’ erakusketa osatu du Donostiako Tabakalerak

Artearen eta zinemaren arteko harremanaz hausnartzeko abagunea da ‘Zin ex. Abstrakziotik algoritmora’, urtarrilaren 13ra bitartean Donostiako Tabakaleran ikusgai egongo den erakusketa. Zinemaldiarekin eta EQZErekin elkarlanean antolatu dute.

‘Zin ex’ erakusketaren aurkezpena, Tabakaleran. (NAIZ)

Bosgarren urteurren ospakizunetan bete-betean sarturik den honetan, Donostiako Tabakalerak erakusketa berria aurkeztu berri du, ‘Abstrakziotik algoritmora’, Florian Wüst-ek komisariatua eta zinema esperimentalaren, bideoaren eta ordenagailuz sortutako artearen historia ardatz hartzen duena.

Arteak eta zinemak bat egin dute erakusketa berri honetan, eta hainbat herrialde eta belaunalditako hogeita hamar artista eta zinemagileren lanak biltzen ditu. Erakusketak bigarren zati bat ere izango du 2021eko irailean, Zinemaldiaren 69. edizioarekin batera.

Erakusketak arte plastikoen eta teknika zinematografikoen arteko harremanak aztertzen ditu. Tabakaleratik azaldu dutenez, «hausnarketa-eremu horrek irudiei begiratzen diegun moduari eragiten dio, baina baita inguratzen gaituen munduari edo gure memoria indibidual eta kolektiboa taxutzen duten formei ere». «Logika horiek ikustea, hitz egitea eta zalantzan jartzea da, hain zuzen ere, erakusketa hau sustatzen duen aparatu kritikoaren helburua», azaldu dute.

Oinarri horrekin, ‘Zin Ex’-ek zinema esperimentalaren ehun urteko ibilbidea berrikusten du, konbentzio zinematografikoei aurre egin diena, eta abangoardiako piezen, ordenagailuz sortutako artearen eta hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan ekoitzitako bideoartearen nazioarteko hautaketa bat aurkezten du. Filmak, instalazioak eta beste formatu artistiko garaikideago batzuk ere barne hartzen ditu.

Mende bateko bidaia

Zinemaren historian zehar mende bateko bidaia proposatzen du erakusketak, eta hainbat lan ikusi ahalko dira. Besteren artean, Walter Ruttmanen 20. hamarkadako lehen urtetako ‘zinema abstraktua’; Robert Jankerren x izpien film ezagunak; Javier Aguirre euskal zinemagileak 1967 eta 1971 artean filmatutako zortzi film laburrez osatutako Anti-Cine sortako bost film; Jose Antonio Sistiagak eskuz margotutako lehen film luzea; Salvador Dalik, Philippe Halsman argazkilariarekin batera, New Yorkeko estudio batean grabatutako filma; Baloji musikari eta multimedia-artista kongoarraren film labur satirikoa, etengabe sarean egoteko egungo obsesioari buruzkoa, eta amazon.com webgunean liburu bat erostean sortutako ingurumen-aztarna erakusten duen lana, Joana Moll artista bartzelonarrarena.

Fenomeno optikoak, patroi geometrikoak, soinu bidez sortutako mugimenduko irudiak, poesia zehatza, erritmo automatikoak, irudikatu gabe geratzen denaren irudikapenak… Tabakalerako arduradunen hitzetan, erakusketak «ikus-entzunezko esperientzien espektro zabala» eskaintzen du, «ikusteko onartutako moduei eta existitzen denari buruz ditugun nozioei aurre egiten diena». Horrekin batera, testuinguru sozialak praktika artistikoan duen garrantzia azpimarratuz, erakusketak teknologia digitalak eragindako gizarte globalaren inplikazio politiko, ekonomiko eta kulturalak ere aztertzen ditu.

Erakusketak hainbat jardueraz osatutako programa paraleloa ere barne hartzen du. Esaterako, azaroaren 25etik 28ra izango den V. Nazioarteko Zinema Mintegia edota Arte-Makina, arte garaikidera hurbiltzeko ikastaro berria.