INFO

Ehunka pertsonak Moriako tragedia salatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egin dira larunbat honetan, su batek kanpamentua suntsitu ondoren Moriako errefuxiatuen egoera salatzeko. Manifestariek Brusela, Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo gobernuei etorkinak lehenbailehen birkokatzeko eskatu diete.

Bilboko Arriaga Plazan egindako elkarretaratzearen irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ehunka pertsona bildu dira larunbat honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Europako migrazio-politikak salatzeko eta Moriako errefuxiatuak Europar Batasuneko herrialdeetan berehala birkokatzea eskatzeko, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek deituta.

Bilboko Arriaga Plazan bildutako manifestariek errefuxiatuak «Europar Batasuneko herrialdeetan berehala birkokatzea» exijitu dute eta Lakuako eta Estatuko Gobernuei «birkokatze horretan parte hartzeko» eskatu diete.

Donostiako kontzentrazioan EH Bildu, Ezker Anitza-IU eta Elkarrekin Gipuzkoa alderdietako kideek hartu dute parte. Parte-hartzaileek SOS Errefuxiatuen banderak erakutsi dituzte, eta «Refugio es acogida» edo «Europa erreduna. Stop genozidioa» bezalako leloak dituzten kartelak ere bai.

Iruñea: «Migrazio-politikak errudunak»

Iruñeko protesta-ekitaldian komunikatu bat irakurri dute antolatzaileek. Bertan, dei-egileek salatu dute Greziako gobernuak larrialdi-egoera ezarri duela eta Lesboseko uhartetik irtetea debekatu diela pertsona guztiei. Hori dela eta, «beste behin ere, mehatxutzat jotzen dituzte migratzaileak; izan ere, Morian gertatu denaren erantzuleak klase politikoa eta haren migrazio-politikak dira».

«Zoritxarrez, Europan eskubiderik gabeko leku asko daude, Moriako gunea bezalakoak. Muga gehienetan, adibidez, egunero zigorgabetasunez urratzen dira delitu bakarra gerratik, salerosketatik, indarkeriatik, gosetik, miseriatik, lehortetik... ihes egitea duten pertsonen giza eskubideak», esan dute.

Iruñea Ciudad de Acogida, África Unida, Papeles y Derechos Denontzat, Zaporeak, Karabana Mugak Zabaldu, HelpNa, Médicos del Mundo Navarra, Oxfam Intermon eta SOS Racismo Nafarroa elkarteek egin dute kontzentrazioaren deialdia.