INFO
Interview
LARA IZAGIRRE
«NORA» FILMAREN ZUZENDARIA

«Arrakasta inoiz ez da perfektua; askotan, saiatzea bera da arrakasta»

Norberaren burua bilatzeko ez dago urrun joan beharrik. «Nora» filmeko protagonistak Bilbo eta Hendaia arteko 100 kilometroak baliatuko ditu barne bidaia bat egiteko, emakumetasunetik, bestelako bideei zilegitasuna aitortu eta berea eraikitzeko. Metafora eta luxuzko lantaldea baliatu ditu Lara Izagirrek (Zornotza, 1985) bere bigarren film luzerako. Gaur, Zinemira saila inauguratuko du «Nora»-k.


Ezohiko «road trip»-a da «Nora». Emakumetasunetik idatzia. Bestelako bideen bilaketari eta horien zilegitasunari buruzkoa. Nondik abiatu zinen filma eraikitzeko?

Oso ondo azaldu duzu. Bilaketa bat da, barrutik egiten den road trip bat. Abiapuntu gisa hainbat elementu zeuden; batetik, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak zein ezberdinak garen landu nuen aurreko lan batean, eta hori hor geratu zitzaidan. Bestetik, nire aitita eta amamei omenaldia egin nahi nien. Eta, gero, aipatu duzun hori, bilaketa hori emakume bezala, askatasunarena, norbere lekua bilatzearena, zainketa... hori dena oso garrantzitsua da nire bizitzan.

Nora ez da besteek izatea nahi duten emakumea. Eta sufritu egiten du horregatik.

Ane Pikaza-rekin [Nora, filmean] aipatzen nuen Nora neska arrunta dela, baina “arrunt” horren esanahi politena kontuan hartuta. Ez da oso ausarta, ez oso alaia, ez tristea ere. Oso gertuko pertsona izatea nahi nuen, izan zitekeena zure lehengusina edo bizilaguna.

Bihotza banatuta du, bere familiarekin egon nahi duelako, baina askatasunerako borondate ezkutu bat ere badu, eta ez daki hori nola kudeatu. Agian ez da bere buruari askatasun hori bizitzeko aukera emateko bezain ausarta. Ez ditu 18 urte, 30etik gora ditu, eta, pelikulan, oso polita da ikustea inoiz ez dela berandu nahi duzun hori egiteko, eta horrek ez duela zertan izan gauza handi bat, izan daitekeela zerbait txikia, zuk bakarrik igartzen duzuna. Nik hortik ulertzen dut Nora.

Bidaia hori egitera irteten da, baina ez doa oso urrun… ez du horren beharrik?

Guk askotan anti-road tripa dela esaten dugu (barreak), 100 kilometro dira, ez du asko bidaiatzen: Nora etxean “galtzen” da. Euskal Herria da bere etxea eta galduta dagoen momentu horretan ere etxean dago. Hori garrantzitsua da. Baita hizkuntzak duen papera ere, euskara delako bere etxea. Aldatzen den etxe bat da, baina beti kokatu ahal zara eta beste pertsonengana hurbildu.

Gertaera batek eramango du Nora bidaia hori egiteko erabakia hartzera. Sotilki agerrarazten duzu prozesu hori.

Egunerokotasunean jarri nahi nuen arreta. Noraren momentu “potoloak”, erabakia hartzekoa tartean, ez daude pelikulan. Elipsia erabili dut, konturatzen ez garen aldaketez hitz egin nahi nuelako. Momentu tragikoetan badago erantzun fisiko bat, baina “ezer” gertatzen ez dela dirudien uneetan, mendian zabiltzanean edo gauza txikietan ari zarenean, hor ari dira gertatzen benetako eraldaketak. Norak erabaki behar du nor izan nahi duen, onartu behar du asko maite duen pertsona bat jada ez dagoela eta bidaia baliatuko du beste zauri batzuk ixteko ere. Nahi gabe, bidaiak eroango du behar duen leku horretatik.

Prozesu horretan sufritzen ikusten dugu Nora, beti maila ematen ez duela sentitzen duelako. Baina ez du amore emango.

Horren atzean pelikulan landu nahi nuen beste gai bat dago: arrakasta. Zer da arrakasta? Batzuentzat, eta batzuetan, arrakasta izango da denok irudikatzen dugun hori, baina bizitza bizi duten moduan arrakasta inoiz ez da perfektua, eta, adibidez, Norak mendia horrela igotzea [motel doa eta arnasestuka iristen da gailurrera] niretzat oso arrakastatsua da, bere erara doa, besteok espero duguna ez den arren. Askotan, saiatzea bera da arrakastatsua izatea eta Nora oso ausarta da, bere trakestasun horretatik saiatuz.

Metaforak leku berezia du filmean. Mendiarena bera, Itziar Ituñoren ur-zurrustarena…

Eskerrak Itziarrekin duen eszena hori ondo irten zitzaigun! Eszena arriskutsua zen, pertsonaiak milioi bat emozio bizi dituelako bi minutuan, eta ez da erraza iristea egun batean filmatzera eta tonua zein den horren ondo asmatzea. Ur-zurrusta hori reset botoia da, eztanda edo aldaketa, eta batzuetan behar izaten dugu beste batek sakatzea botoi horri, kanpotik. Gauzak beste leku batetik ikusteko aukera bat da.

Ilustrazioa ere oso presente dago. Ane Pikazaren lanek jantzi eta edertu egiten dute filma.

Hori oso polita izan zen. Gidoiarekin nenbilenean protagonista ez zen ilustratzailea. Ane aukeratu nuenean banekien ilustratzailea ere badela eta irudi batzuk egitea polita litzatekeela esan nion. Ez zen izan segituan onartu zuen zerbait, berak ere bere lana egin behar izan duelako Noraren ilustrazioak, ez Anerenak, aurkitzeko. Ane oso pozik dago aurkitutako bide horrekin, eta ilustrazioek oso ondo erakusten dute nor den Nora. Ilustrazioetan beretan ere ibilbide bat dago, biluzte bat koloreetan, teknikan, dena bilakatzen da askoz ere esentzialagoa. Horrek ere argitzen du Norak barrutik izan duen aldaketa.

Aipatuez gainera, Ramon Barea, Klara Baliola, Loli Astoreka, Joseba Usabiaga, Kepa Errasti… eta aitonaren paperean, Hector Alterio. Antzezle talde bikainarekin aritu zara.

Bai, oso-oso-oso zoriontsu nago, ze, gainera, denak bikain daude. Denek ulertu dute nola egiten dudan lan. Beren esentzia horretatik egin dute antzezle lana, ausartak eta eskuzabalak izan dira. Hector Alteriorena, hori ia da nire bizitzako ametsa egia bihurtua. Ez naiz sekula oso fanatikoa izan, baina Hector neurriz kanpo miresten dut. Ia 90 urte zituela filmatu genuen eta erakutsi dit zer den ofizioa. Opari hori oso gutxitan bizi dezakezu zuzendari gisa, horren gordin.

Lau hizkuntza entzuten dira filmean, baina euskarak badu leku berezia. Nolabait, denak lotzen dituen hizkuntza da.

Hasieratik eduki dut garbi filma euskaraz izango zela, baina ez nekien %100ean izango zen edo ez, eta pozik nago emaitzarekin. Hector Alteriok argentineraz egiten du eta Ramon Bareak gazteleraz, eta ikustea Klara Badiola eta Ane Pikaza euskaraz, laurak elkarrizketa berean, eta horren fin... gutxitan ikusi da hori zineman horren argi. Lau hizkuntzak ulertzen badituzu, ez zara konturatzen noiz dabiltzan ingelesez, noiz euskaraz eta noiz frantsesez, eta horrek egiten du euskara ez antzematea hizkuntza gutxitu gisa; besteen parean edo are gorago dago moduren batean, aukera daukatenean euskara hautatzen dutelako munduarekin harremantzeko hizkuntza gisa. Filmaren berezitasunetako bat hori da.

Ederki Lara, mila esker. Ezer gaineratu nahiko bazenu...

Ba, ilustrazioena aipatu dugun bezala, esan nahiko nuke Izarok pelikulan abesten duen bigarren abestia propio idatzi duela filmerako. Eta Catherine Domain ere, liburu-dendako emakumea, benetan da liburu-saltzailea. 70eko hamarkadan bidaiaria izan zen. Uste dut pelikula honetan gauza ezberdin asko bizi direla elkarrekin, geruza asko dituela.