INFO

Estatu frantsesak ezarritako blokeoa irudikatzeko horma sinboliko batekin hesitu dute Baionako suprefetura

Estatu frantsesak Euskal Herrian duen ordezkaritza nagusiko egoitza egurrezko eta harrizko horma sinboliko batekin hesitu dute, «blokeoa irudikatzeko» eta «heriotza arteko kartzela zigorra» ez dutela onartuko aldarrikatzeko. Bake Bideak eta Bakearen artisauek antolaturiko «ekintza sinboliko parte hartzailean» Jean-René Etchegaray lehendakariak ere parte hartu du, «Macronek entzun gaitzan modu bakarra delako».

Herritarrek Baionako suprefeturako sarrera itxi dute harrizko adreiluekin eta egurrezko panelekin. (Bob EDME)

«Denon artean erortarazi behar dugun pareta eraiki dugu. Hau hastapen bat besterik ez da, arriskatuko gira, eta bidea amaiera arte egingo dugu», jakinarazi du Anaiz Funosasek, Bake Bideako ordezkariak.

Aurrez, hormigoizko 100 adreilurekin, lau metroko zabalera eta bi metroko altuera zuen horma bat eraiki dute «Estatu Frantsesaren ordezkaritzaren aitzinean». Horrez, gain, 1'5 metroko zabalera eta 3 metroko altuera zuten egurrezko 60 panel ere jarri dituzte.

Horrela, Suprefetura hesitzeko ezarri duten horma berrian bi lelo nagusi ikus zitezkeen: «Xistor, Jakes, Ion eta Unai askatu!» eta «Heriotza arteko kartzela zigorrik ez!».

Adin eta izaera anitzetako jendeak hartu du «ekintza sinboliko partehartzailean», herri desberdinetako auzapezek, eragile anitzetako ordezkariek eta pertsonaia ezagun askok hartu dute parte Bake Bidea eta bakearen artisauek deituriko mobilizazioan.

Izan ere, esaguratsuena Euskal Elkargoko lehendakariaren parte hartzea izan da. Estatu frantsesak «euskal presoentzat heriotza zigorra berrezarri» duela eta hori «onartezina» dela salatu du horma sinbolikoan hormigoizko adreilu bat gehitu duen Jean-Réne Etchegaray lehendakariak. 

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko 24 herritan goizean egin dituzten ekimenetan parte hartu duten mila lagunek. Haiteako asko Baionara joan dira Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik abitutako auto ilaretan, eta ondorioz, suprefeturaren aitzinean ehunka lagun bildu dira.

Mixel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosasek hartu dute hitza mobilizazioetan parte hartu duen jende guztia zoriontzeko.

«Bihurgunearen eguna» bezala bataiatu du Funosasek gaurkoa, eta irudikatu duten hormak sinbolizatzen duen oztopoa gaindituko dutela iragarri du.

Aldi berean, Fiskaltza antiterroristaren jarrera salatu du eta bizikidetzat aurrera egin ahal izateko egungo testuingurua kontuan hartu eta honi egokituko zaion «justizia trantsizionala» ezartzearen beharra azpimarratu du.

Mixel Berhokoirigoinek, ostera, bake prozesuan ez inplikatzea, «kriminala eta arduragabea dela» ohartarazi du.

Amaieran, Xistor, Jakes, Ion eta Unairen askatasuna eskatzen zuten afixak altxa eta argazki handi bat atera dute. Finean, hitzordu berria eman dute bakegileek: irailaren 25an elkarretaratzea eginen dute Donibane Lohizunen.