INFO
Interview
AMAIA ABERASTURI
AKTOREA

«Gizonei beldurrik ez dioten emakumeen beldur dira gizonak eta hori da Ana»

Telesailak eta filme laburrak egin ditu, baina bi lan luzeekin lortu ditu arrakasta handienak Amaia Aberasturik. ‘Vitoria, 3 de marzo’ (2018) lanagatik aktore onenaren saria jaso berri du Puglian (Italian), eta orain Zinemaldiko Sail Ofizialera dator Pablo Agueroren ‘Akelarre’ pelikularekin.

Amaia Aberasturi, ‘Akelarre’ pelikularen grabaketa lanetan. (David HERRANZ))

Euskal Herrian gaude, XVII. mendearen hasieran. Kostaldeko herrixka bateko gizonak itsasora joan dira, aste luzez, eta etxean gelditu dira emakumeak. Rostegui epailea, erregearen aginduz, eskualdea miatzen dabil, ustez sorginkerian dabiltzan neskatoen bila. Atxilotu, galdekatu eta hil, suan bizirik erreta. Ana, Oneka, Olaia, Katalin, Maider eta Maria zori bereko bidean dira, aurrez ezer galdetu gabe preso hartu ondoren. Beste emakumeen kondena hori ekiditeko, ordea, argi jokatu beharko dute. Bizkor, epaileak baino bizkorrago. Horretarako, gezurra egiaz jantzi eta beregana hurbildu beharko du, seduzitu, limurtu. Tranpan eroriarazi.

Sail Ofizialean lehiatuko da Pablo Aguero argentinarra ‘Akelarre’ lan luzearekin, eta gurean sustraitutako istorio/historia batekin egingo du. Ana Ibarguren gaztearen pertsonaia da Amaia Aberasturi (Arteaga, Busturialdea, 1997) aktorearena. Lehenago Victor Cabaco zuzendariaren ‘Vitoria, 3 de marzo’ film luzean aritua, estreinalditik bi urte igaro direnean fruituak jasotzen segitzen du, izan ere orain aste gutxi jaso du Pugliako (Italia) zinema jaialdian aktore onenaren saria. Abiadura hartzen ari da bere ibilbidea eta Aguerorentzat sortu duen papera maila profesionalean «inflexio puntu bat» izan dela aitortzen du.

Mundu mailan zabaldu zen casting gogor batean parte hartu zuen Anaren papera lortu ahal izateko. «Gidoiaren lehen ‘separata’ nire eskuetara ailegatu zenean argi izan nuen paper horrek niretzat behar zuela eta borrokatuko nuela. Izugarri gustatu zitzaidan», kontatu dio NAIZi.

Gure herriaren iraganean sakondu behar izan zuen pertsonaia lantzeko, baina, dioenez, nortasunaren lanketak bi maila izan zituen. «Alde batetik prestakuntza historikoa dago, urte eta garai haiek nolakoak ziren ikertu behar izan nuen, baita gizarte hartako neskak nolakoak ziren, paganoak ote ziren, edo sinismen kristauak zituzten… hasieratik sentitu nuen pertsonaia nirea zela eta coach bat hartu nuen casting-etatik bertatik nire alboan izateko».

Ondoren, behin grabaketak martxan jarrita, alboan izan zuen «nire andereñoa» esaten diona, Clara Mendez Leite aditua. «Sorkuntzarako oso baliagarria izan zitzaidan. Bi tresna erabili nituen: eneagrama, dela nortasunei buruz hitz egiten duten korronte bat; eta otsoa inspirazio irudi bezala. Ana da otso batetik sortu nuen pertsonaia, bere begirada eta animaliarena lotu nituen, instintiboki».

Pertsonaien lanketa

Neska protagonisten artean protagonista da Ana Ibarguren. Ausarta da, lotsagabea, aurrera egiten du eta bere lagunen alde behar dena emateko gai da, baita bere bizitza ere, beharrezkoa balitz. Gidoiak ez zuen pertsonaiaren nortasuna oso garatua eta haren eraikuntza «nahiko librea» izan dela aitortzen du. Hori izan da bere erantzukizunetako bat, Anari ezaugarriak ematea. «Zuzendariarekin nire proposamenak partekatuz osatzen joan naiz, baina hasieratik zegoen argi Anak izan behar zuela oso pertsonaia fuertea, begirada sakona eta indartsua zuena, hortik atera zen otsoa. Era berean, gezurrak esateko erraztasuna zuena, hitzez atrapatzeko gai zena».

Amaia Aberasturiren pertsonaia ez da ulertzen gainontzeko bost emakumeak gabe. Talde mailako lanketa ere oso inportantea izan da seikoteak elementu batek bezala funtzionatu zezan. «Neskek euren artean duten harremana jaiotzetik dela argi ikustea inportantea zen, transmititzea nola betidanik ezagutzen diren. Harreman hori lantzea ezinbestekoa izan da, eta erraza ere bai. Lagunak egin gara, denbora eta espazio asko konpartitu ditugu eta konplizitate horrek pantailara salto egin du», kontatzen du bere kideez.

Sorginak ez direla errepikatzen diote Rostegui epaileari, behin eta berriz, erregutuz, aska ditzala. Hori da egia, baina egia ez du sinetsi nahi. Gezuarra kontatu beharko dute, baina zein gezur? «Epaileak entzun nahi duen gezurra eraikiko dute, horrek arriskuak ekarriko dituen arren», aurreratzen du Aberasturik. «Gizonei beldurrik ez dioten emakumeen beldur dira gizonak», esaten dio Anari herriko emakume jakintsuak. Eta hori da Ana ezin hobeto deskribatzen duen esaldia. «Hori da Ana, eta bi aukera ditu. Kikildu edo aurrera egin. Eta argi dago zein den hartzen duen bidea. Epaileari begietara begiratu eta argi uzten dio ez diola beldurrik».

Hor dago pelikularen tentsioaren zati handi bat, hain justu. Epailea (Alex Brendemhül) eta Anaren arteko begiradan. Hainbeste, tentsio sexuala sortu arte. «Oso momentu tentsoak eta intentsoak daude –dio–. Paperak elkarrekin landu ditugu lortu behar genituen helburuak bi zirelako: tentsio sexuala sortzea eta gizonak Ana sinistea. Sexualki erakarri bai, baina aldi berean erakarri istoriora».

Kontatu duenez, lanketa mota hau «ez da oso erraza» eta aldez aurretik «oso ondo sortu behar dira pertsonaiak». «Nork bere aldetik lehendabizi; bakoitzak pertsonaia oso ondo eraikia eta sortua zuenean hasi ginen bien arteko harremana lantzen, eta uste dut emaitza ona lortu dugula, parte onena dudarik gabe epailearekin egindakoak dira».

Arrastoa utzi du Anak Amaiarengan, eta noizean behin etortzen zaizkio burura garai haiek benetan sufritu eta bizitu zituzten emakumeak, bereziki orain, elkarrizketa eta promozio sasoi honetan. «Oso garai gogorrak izan ziren, oso, bereziki emakumeentzat».